Dena ez da berdin

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Saez 2015ko uzt. 16a, 12:13

Herritik kanpo, egun, aste nahiz hilabete batzuk pasatzen ditugun bitartean, herrian aldaketa asko izango dela uste dugu. Baina, normalki, ez da nobedade handirik izaten.

Herritik kanpo nire saiotxoa egin berri dut. Ostegunean itzuli eta lagunak elkartean zeuden. Ostegunero legez, afari ederra mahaian. 

Hauteskunde eguna ere herritik urrun igaro nuen. Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan aldaketa nabarmenak eman diren arren, azpeitiarrek aurreko udal taldearekiko konfiantza berretsi dute eta beste lau urtez jarraitzeko bidea eman diete. 

Baina badira nabarmenak egin zaizkidan aldaketak: Txarrantxa itxita aurkitu dut. Bukatu dira ostiral gauetako kontzertu amaigabeak. Kultur alternatibak eskaintzen zizkigun lagun giroko txokoa. Galdu dute gaupaseroek beren leku kuttuna. 

Etxaunen kioskoa. Goizero bezala egunkaria erostera joan eta Etxaunen bigotea topatu ordez, gazte ile argi bat topatzea sorpresa latza izan da. Etxaun jubilatzen zenean, karakolak bere maskorra eramaten duen bezala, Etxaunek bere kioskoa berarekin eramango zuela bainuen irudikatuta. Baina bada izugarri poztu naun aldaketa. Frontoi Txikiko giroak berdin jarraitzen du. Herriarteko finala oso gertu du Azpeitiak eta horren erruaren zati bat badu Frontoi Txikiko giro apartak. Pilotari zein teknikoek egin duten lan bikainarekin batera, nola ez.

Baina bada asko atsekabetu nauen berria  ere. Oraingoz paperean soilik jasota dagoen gertakaria. Orkatz itxi nahi dute. Azpeitiar askoren topaleku denak ez du halako amaiera merezi. Espainiaren mendeku goseari eman diezaiokegun erantzun hoberena: Orkatz berri, zabal eta indartsuago bat eraikitzea!

Uztaileko Uztarria aldizkarian kaleratutako artikulua.