Jarraitu dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Salegi 2021ko urr. 26a, 08:33

Haizea Salegik 2021eko urriko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da honako hau.

Egunero, esnatzean, ekiloreak eguzkirantz mugitzen dira, eguzkiaren arrastoa jarraituz ekialdetik mendebaldera. Gaua iristean, ibilbide bera egiten dute alderantzizko norazkoan, hurrengo goizean eguzkiaren irteeraren zain geratzeko.

Bada egun bat, ordea, beren eguneroko ibilbide hori egiteari uzten diotena. Helduarora iristean, eguzkiari jarraituz dantza egiteari uzten diote. Ez dira gehiago mugituko, hil arte ekialderantz begira lokartzen dira.

Gizakiok ere izan gara zerbaiten jarraitzaile inoiz, eta utzi ere egin izan dugu noizbait. Aurkitzen dugu ordezko bilakatzen den beste edozer, eta horren jarraitzaile bilakatzen gara.

Iritsiko zaigu eguna, ordea, hori ere baztertu eta ahaztuko duguna.

Gure ibilbidean zehar, batzuetan, jarraitzaile izan garen uneak gogora ekarriz eta horiekin dantza eginez lokartzen gara. Goxo-goxo lokartzen gara.