Garagardo fresko bat

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Azkune 2016ko uzt. 27a, 14:58

Irakurtzen ari zaren hau da Uztarrian, oraingoz behintzat, idatziko dudan azken artikulua. Oraingoz diot, ez baitago jakiterik etorkizunak zer ekarriko digun. Beraz, nire agur honetan ez zait ezer hoberik otu, honaino ekarri gaituen bideari erreparatu eta zuekin elkarbanatzea baino.

Nire kolaborazioak 2014. urtean hasi ziren. Orduz geroztik, artikulu hau kontuan hartuta, hamaika idatzi ditut aldizkari honen orrialdeetarako. Bi hilabetero argitaratu dira, bai webgunean eta bai paperezko bertsioan. Lehen kolaborazio hartan adierazi nuen nire izenpean agertzen ziren hizki pilo haiek zientzia gaien berri ematea zutela helburu. Eta nik uste, hori behintzat, bete dudala.

Atal honetan zientzia gai eta berri asko jorratu ditugu. Azpeitia inguruan topatu zuten paleolito garaiko aztarnategia eta Europako Espazio Agentziaren Rosetta misioa ekarri genituen batera, gure etxe alboko txokoak eta milioika kilometrotara dauden kometak, hain urrun ez daudela erakutsiz.

Artea ere uztartu genuen zientziarekin, horretarako zinea erabiliz. Zientzialari askoren bizitzak zinera eramatea zeinen ideia ona zen erakutsi nahi izan genuen. Horrek gogorarazi dit, orain dela gutxi Ramanujan matematikari indiar handiari buruzko film bat estreinatu dutela. Ezin dizuet aholkatu, neuk ere ez baitut oraindik ikusi, baina itxura ederra du.

Gizartean oihartzun handia izaten ari diren hainbat gairi ere eutsi diegu: fracking-a, aldaketa klimatikoa eta txertoen inguruko polemika faltsuak. Gai horiek erakusten dute zeinen garrantzitsua den gizartean kultura zientifikoa hedatzea. Nola eztabaida daiteke fracking-aren inguruan gutxieneko oinarri zientifikoak izan gabe? Nola ez gaituzte bada engainatuko txertoak ez jartzearen kontuarekin, ez baditugu datuak behar bezala ezagutzen eta ulertzen?

Mundu mailan jazotako hainbat berri zientifiko ere ekarri ditugu orrialde hauetara. Uhin grabitazionalak lehendabizikoz hauteman zirenean LIGO proiektuan, uhin horiek zer ziren eta zergatik zen aurkikuntza hura hain garrantzitsua azaltzen saiatu ginen. Adimen artifizial batek Go mahai-joko konplikatuan munduko jokalari onenari irabazi zionean ere, hemen hitz egin genuen. New Horizons misioa ere hizpide izan genuen, zientzian dirua gastatzearen garrantzia azpimarratu nahian.

Ezagutza zientifikoaren garrantzia

Zientziak gure bizitzak gizatiarrago egin ditu. Hori entzun nion behin Juan Ignacio Perez Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariari. Orain dela ehundaka urte, jendea urte gutxiago bizi zen, eta urte horien kalitatea askoz eskasagoa zen. Aurrera egin dugu, eta hein handi batean, ezagutza zientifikoari esker izan da. Pedro Miguel Etxenikek zioen bezala, Carlos V.ak, bere botere eta aintza guztiarekin ere, ezin zuen garagardo fresko bat edan nahi zuenean. Guk bai, ordea.

Uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.