Boteprontoan

Eskerrik asko!

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2021ko abu. 5a, 08:18

Felipe Murillok 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hauxe da despedidea/hauxe da despedidea...". Ai! Zer eguneroko diren kopla zaharrak garai ez hain berrietan. Bai, lagunok. Txoko honetatik despeditzen naiz. Plazera izan da nire zilborrari begira jarri eta kontraesanak mahaigaineratuz zuekin gogoetak partekatzea.

Niagara samar ibili naiz orriotan. Gaia edozein zela ere, ni eta nireei bueltaka ondu ditut idatziak barneko uren eta lohien jauzi moduan. Ondorioren batera iritsi naizenetan ere, zuokin elkarbanatu dut, idatzitakoek zuentzat moralistatik baino niretzat terapeutikotik gehiago izan zezaten saiatuz. Gurasotasunaz, emozioez, bankuez, pornografiaz edo barne iraultzez hitz egin dizuet. Hilabete batzuk geroago, berriz, aita naiz, eta bankutik bankura nabil mailegu onenaren bila. Ai, kamarada, nola aldatzen diren gauzak! Edo ez. Ez dakit. Agian, molde berberak errepikatzen gabiltza ordutik.

Ikasturte amaiera denetan bezala, datorrenari zalantzaz begiratzen diot, eta terapeutak hurrengo txanda noiz emango zain nago. Badirudi gauza batzuk aldatzea ez dela hain erraza.

Tatuaje bat egingo dut kontraesanen betierekotasuna bermatze aldera. Bitartean, zoriontsu izan edo halako zeozer!