Boteprontoan

Ostrukaren konplexua

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2021ko api. 8a, 09:38

Felipe Murillok 2021eko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ostrukaren konplexua daukat aspaldian. Hilabeteetako haur bat etxean izanda, bere mundura begira jartzen naiz burua lur azpian sartuko banu bezala, eta kanpoko errealitatea ahazten zait. Konturatu naizenerako, defentsa mekanismo bihurtu dut jarrera hori, eta ariketa kontzientea egin behar izaten dut kanpora begira jartzeko.

Betiko komunikabideez nazkaturik, sakelakoa hartu eta Twitter-a irekitzen dut aldiro, kaleko jendearen termometroa delakoan edo. Azkenaldian, ordea, tenperatura altuak nabari ditut 280 karakteretan. Ika-mika da nagusi. Dialektika gordin samarra dabil hegazti erraria pausatzen den leiho birtualaren bazterretan. Gu-ak ahaztu ditugula dirudi gure-en mesedetan, eta bestearen ukazioa beharrezkoa dugula ematen du geu izateko.

Koldarra naizelako egin nintzen bakezalea, baina, oldartzekotan, norabideak beste batzuk izan behar ote luketen pentsatzen nabil egunotan. Nire buruari promestu nion behin, neure nimiñotik, aldaketak eragiteko indarrak jartzeko prest ez nengoen artean, ez nuela kritikatuko besteen mugimendurik. Horregatik, burua lurperatuko dut berriro arduraz arduratuta.

Ostrukaren konplexua daukat aspaldian.