Boteprontoan

Liluraren alde

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2020ko ira. 16a, 09:00

Felipe Murillok 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Bizitza da handiena" zioen Laboak, eta lelo horrekin bizi gara azkenaldian; izan ere, emakumearen sabelean ume bat nola hazten den ikustearen ariketa bizitzak aurrera egiten duela argudiatzeko modu esanguratsua da. "Haurdun gaude" erretolika wayismoz jantziaz kontatzen nuen berria, baina denborak erakutsi dit bikotekidea dela haurdun dagoen bakarra; sostengua eskaini badezaket ere, gorputza jartzen duzuenok zaretela erdigune. Nire gizon seme bakar ego zaurituak ulertu du norena den protagonismoa haurdunaldi batean, eta bere lekua topatu du erditzeari begira jartzeraino.

Erditze prestaketa saioen ostean, horien edukiek gizonon beharrak asetzen ez zituztela esanez nenbilela, erditu berri zen lagun batek argitu zizkidan pare bat gauza. Batetik, emakumeak kontuan hartu gabe diseinatu ditugula gizonok urteetan medikuntza protokoloak, eta prestaketetan bestelako espazioak behar baditugu, geuk sortu besterik ez ditugula, emakumeok esfortzu handiz eraiki dituzuenetan gure egoei hegoak emango dizkiezuela pentsatu ordez. Bestetik, erditzean egotea ez dela gure eskubidea, betebeharrak dakartzan pribilegioa baizik.