Koronabirusa Azpeitian

Besoak zabalik zabiltzatenoi

Erabiltzailearen aurpegia

Felipe Murillok 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lotsati nabil aspaldian. Denbora da etxetik atera ez nauzuela. Kalean agertzeko gogoz nago, baina klandestinitatera mugatuko nauzuela entzun dut. Zaila egiten zait aspaldian ezarri dituzuen distantzia fisikoen artean gorpuztea.

Oxitozina eta dopamina mailak jaitsiko zitzaizuen konturatu ere egin gabe, baina erretxin aurpegia nabari zaizue azkenaldian. Estres eta antsietate egoerak ugaritu zaizkizuenean, alboratu egin nauzue. Autoestimua indartzeko asmoz agertzen nintzen sarri, tristuraren aurkako antidoto izendatu ninduzuen edo hori konpartitzeko hitzik gabeko keinu esanguratsu, eta egun, nire funtzioetatik egotzi nauzue. Lehen, nire apologia egiten zenuten, eta orain... orain horrelakoak ospatzeari ere utzi diozue, denon kalterako. Alkoholez edo malkoz bustia elkarbanatzen ninduzuen sarri, eta elkartzeari uko egiten zabiltzate.

Baina ez ahaztu ez nintzela ezerezetik sortu. Gogoratu hartu-emanean ernetu nintzela eta zaindu egin behar izan nauzuela. Laguntasunaren kimuak loratu dizkizuet, eta arantzak leundu. Harremantzeko moduak deseraikitzen zenituzten bitartean, maitasunaren oinarri izan naiz sarri, eta oinarri horien gainean eraiki behar izan gaituzue. Harremanak eta ni.

Nostalgiaz datorkit gogora Ken Zazpiren kanta, "...ez zaitez ikaratu. Une honek noiz arte iraungo du?..." galdetuz. Osasunaren alde baztertu nauzue, baina noizbait erreparatu beharko diezue nire hutsunearen ondorioei. Nirea bezalako ariketa fisikoak dakartzan bestelako onurak balantzan jarri beharko dituzue.

Eraso bihurtu nauzue, baina armagabetzea garesti aterako zaizuelakoan nago. Horregatik borrokatuko naiz izaki sozial eta haragizkoak zaretela ahaztu ez dezazuen. Besarkada.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide