...Iraultzaren zain (II)

Erabiltzailearen aurpegia da hau Felipe Murillo | Iritzia
2020ko mar. 3a, 08:19

Felipe Murillok 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Besteenganako zaintzarekin zer egiten dugun galdetuz amaitu nuen azken hilabeteko Zaintza irauliz... artikulua.

Norbere zaintza bideratzeko arloak zerrendatu nizkizuen, bide batez, denon eskura ez daudela erakusteko. Izan ere, gimnasiotik edo terapeutarenetik irtetean, arropa jasangarriak jantzita ditugula elikagai ekologikoak erostera joatea gero eta pribilegiatu gutxiagok daukagun aukera da. Dirua behar dela, alegia, norbere zaintzaren alderdirik coolenak zaintzeko.

Besteekiko zaintzaren ertzak arantzatsuagoak izan daitezke, ordea. Lagunak, bikotea, komunitatea... zaindu ditzakegu. Harremanak, alegia. "Eman da jaso, jaso eta eman, elkartasuna da hori", diote sudurgorriek, eta trukean ezer espero ez dugula badiogu ere, zurrunbilo horretan zaindu ohi gara elkar.

Besteen zaintza ardura hartzea ere bada, batez ere, autonomoak ez diren pertsonen ingurukoaz ari garenean. Gure ondorengoen zaintzaren aurrean hasi gara betaurrekoak graduatzen: behar fisikoetatik haratago, emozionalak ere bermatzen; kalitatezko denbora eskaintzearen garrantziaz jabetzen... Gizonok ere hasi gara ereduak berreraikitzen.

Gure aurrekoen zaintza korapilatzen zaigu, ordea, ardura zama ere bihur litekeelako, besteak beste. Eta zamak zaintzaren arerioak direlakoan nago, batez ere, delegatu egin ohi ditugulako erdigunean jarri beharrean. Bitartean, gure zaharren ipurdiak garbitzearen ardura hartu dutenak greban dabiltza isil antzean, eginkizunei uko egin gabe. Bi zeregin dituzte orain: guk saihestu ditugun egitekoak bermatzea eta beren eskubideak defendatzea.

Zaintzarik iraultzaileena gure zaintzaileak zaintzea litzateke. Gure zain omen daude.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu