Ilarak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2020ko urt. 8a, 10:08

Felipe Murillok 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ane etxetik atera da. Goizeko 7ak dira, eta lantokira doala, eguneroko auto-ilarak harrapatu du. Madarikazioka doa, denak ordu berean leku beretik pasatu beharraz kexu.

Anderrek lantokian baimena eskatu behar izan du tramite batzuk gauzatu ahal izateko. Presaka irten da, funtzionarioen ordutegia kritikatzen duen bitartean. Jendez gainezka dago itxarongela, eta bost leihatiletatik bi bakarrik aurkitu ditu irekita. "Kaka zaharra!", bota du. 165. zenbakia dauka. Bafadaka dabilen artean, 135. zenbakia hasi da keinuka pantailan.

Ekhine kotxea erosteko mailegu eske doa bankura. Hil hasierako jubilatu festa aurkitu du bulegoan. Zain egon beharko du giroa baretu arte. Erlojuari begira, Interneten garaian oraindik kartilla eskuan darabilten agure malapartatuei buruz marmarrean dabil ahopean.

Medikuarenerako txandarik ez dagoen arren, anbulatorioko goiko pisura igo da Bixente. Bidaia bat dauka, eta erdi gaixo sentitzen denez, berpiztuko duen zerbaiten bila jo du medikuaren atea, zain dagoen ilara ikusi duen arren. Bakeak gehiago balio duela-eta sartzeko esan dio bata zuridunak.

Gu izan gaitezke Ane, Ander, Ekhine edo Bixente. Gutako edozein eta gure pazientzia eza.

Etxerako bidean, ordea, gure 'arazoekin' zerikusirik ez duen ilara ikusi dute. Loiola 91 eraikin erraldoiaren alderdi batean pilatuta dago jendea, euripean, ateren bat irekitzeko zain. Gehienek erosketa orga daramate eskuan. Baina gertatzen ari denaz arduratzeko nahikoa denbora galdu dute jada gure protagonistek. Berandu da, eta supermerkatua itxiko dute, eta denok dakigu gehien luzatzen den kaxako ilaran jarri ohi garela beti.