Pornografia

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko aza. 5a, 10:03

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2019ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Pornografia izan da gure heziketa sexuala. Ikerketek aspalditik ziotena kantuz ohartarazi ziguten duela ez hainbeste, eta uda honetako sexu erasoen maiztasunari eta moduei erreparatuz gero, abestiari arrazoia ematea besterik ez zait geratzen.

Gogoan ditut pornografiarekin izandako lehen harremanak. Argazkiz jositako aldizkariak edo ordainpeko kanalen bat zuen lagunen batek grabatutako VHSak izan ziren gure lehen kontaktua. Gaur egun, poltsikoan daramagu pornoa. Internet konexioa eta lau segundoko denbora-tartea behar ditugu soilik edozein fantasiaren erreprodukzioa begi aurrean izateko. Lehen irudi haiek errepresentatzen zutenaz ezer gutxi azaldu ziguten bere garaian, eta sortzen joan zitzaigun iruditeria deseraikitzen gabiltza ordutik.

Azken ikerketen arabera, nerabeak, batez beste, 13 urterekin hasten dira pornografia kontsumitzen. Klik bat, eta edozein motatako sexu praktikak dituzte ikusgai; gizartearen isla izaki, pornoan ere emakumearekiko tratu onak eta jarrera parekideak hutsalak dira. Sexu jakin-mina elikatu genuen guk irudiokin. Gaur egun, ordea, jakin-mina bera sortu baino lehen ere eskura dituzte hainbat bide irudiotara iristeko. Errealitatea eraikitzen hasi aurretik fantasiarekin jolasean dabiltza, bien arteko bereizketa zailduz. Sarri idatzi dut hemen kontraesanen alde, baina hedabideek –modu morbosoegian, portzierto– sexu erasoen berriak erakusten dizkiguten bitartean, gertatzen ari denaren inguruko azalpena topatu ezinik gabiltza, sexu heziketaren ardurari uko egiten diogula, begiak itxiz ebidentziei.

Katastrofista nabilela pentsatuko du norbaitek, baina udazkenean sartu berri, argi-orduak ahitzen zaizkigula dirudi.