Beste begirada bat

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko abu. 6a, 11:29

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2019ko uztaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Uda iritsi da, eta udarekin batera ziklo baten amaiera. Batzuk, solstizioari begira egongo zineten; beste batzuk, santuen izendegien aitzakian hasten diren festen zerrendari so. Irakasleok oporrak noiz iritsiko ibili gara azken hilabetean. Bai, badakit gremiokoak ez zaretenoi ezin zaizuela aitatu ere egin gure opor luzeen kontua, baina sentitzen dut: Aste Santutik hona luze egin zaigu eta ikasturtea amaitzeko desiatzen geunden. Kurtso bukaerak dramatikoegiak bihurtzen ditugula esaten didate askok. Agian, arrazoi dute, baina zinez diotsuet ez dela erraza taldeek eragiten dituzten pozen eta beharren sostengu emozionalari eustea.

Ikasturteari amaiera emanda, datorrenari zeharka begiratzen diogu. Autoebaluaketa eta balorazioak mahaigaineratu eta erabakiak hartzea ere tokatzen da batzuetan. Aurtengoa beste begirada batekin ikusteko terapeuta batekin jarri naiz harremanetan. Kurtsoaren nekeak arintze aldera eta erabaki ahalmenak indartzeko asmoz, hor nabil hamabostean behineko itaunketa psikologikoari erantzunak topatu nahian. Arraro behatu naute batzuek, goitik behera, zer gertatzen zaidan begiztatu nahi balute bezala. Kezka begiradak ikusi ditut beste batzuen aurpegietan, laguntza eskaintzeko zer egin dezaketen proposatzeko asmoen bila. Gertukoenek begirunez hartu dute erabakia, gure burua lantzeak dituen onurak zerrendatuz eta ausardia txalotuz.

Natural ari naiz bizitzen prozesua, lasterketa baten ondoren gorputza fisioarenean tratatzen duenaren moduan, bidaien aurretik kotxea tailerrera eramaten duenak lez. Korrika bizi garen garaiotan, gomendatzen dizuet gelditzeko uneak aprobetxatzea. Uda iritsi zaigu, eta udarekin batera ziklo baten hasiera.