Ahopean

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko eka. 4a, 17:15

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

"Zabaldu ahoa iruntzi dana", zioen kantuak, eta aspaldian politikarien ahoak oso zabalik daude. Kanpainan gaude, lagunok. Espainiako hauteskunde orokorren harira ari da gertatzen lehenengoa eta bertako protagonistei nahiez eta asmoez bete zaizkie ahoak. Aho bete hortz utzi nauten titularrak ere eskaini ditu hainbat izendaezinek.

Gauza kuriosoa gertatu zait egunotan espainiar politikaren gorabeherak jarraitzen nenbilela: batzuen ergelkeriak irakurri ditudan heinean, besteen tentelkeriak ez zaizkit hain ikaragarriak iruditu. Ohartu naizenerako, espero ez duzuen baten mitinaren irudien aurrean, buruarekin baieztatuz nabil sofan.

Bai. Exajeratzen ari naiz, baina uste dut horrelakoetan perspektiba galtzen dela. Onartezinak zaizkigun erpinak gero eta urrutiago gertatu, onar genezakeen errealitatea gero eta zabalagoa izaten zaigu. Ahogaiztoen iragazkia handitzen dugu eta, gure egoeraren diagnostikoa konparazioetan oinarrituz, uste ez genituenak ere onesten ditugu. Agian horregatik, gaur egun, ez ditugu gure lan baldintzak aldarrikatzen, aldamenekoaren langabezia edo lan egoera prekarioarekin alderatuta, ez gaudelako hain oker. Ez dugu euskararen aldeko esfortzurik egiten, beste herrietan bizi duten egoerarekin konparatuta, gurea oasi pribilegiatu bat da eta. Ez ditugu gure eskubideak borrokatzen, gure aurrekoek bizi izan zuten egoera entzunda ez baikaude hain gaizki. Pixkanaka, onartezinak iruditzen zitzaizkigun egoerak naturaltzat hartzen goaz. Mobilizatzeari utzi diogu eta minaren atalasea handitu da.

P.D. Ahopean kontatzen dizuet hau, Maiatzaren 1a familiako bazkaria egiteko aprobetxatuko dugu eta. Aho-mihiz nabil ni ere.