Ikusi arte

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko urt. 30a, 12:49

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2019ko urtarrileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Duela aste batzuk jaso genuen berria. Berri Txarrak taldeak 25 urte betetzen ditu 2019an, eta urtemuga ospatzeko biraren ondoren etenaldi mugagabea egingo dute. Utzi egingo dutela, alegia. Aix! Hunkitu egiten naiz, Gorka Urbizu taldeko liderrak hori jakinarazteko idatzi zuen komunikatua irakurrita.

Ezagutzen nauzuenok badakizue zeinen gustuko dudan taldea. Objektibotasuna galtzen dudala esango duzue, eta ez zaituztet engainatuko. Arrazoi duzue. Horretan datza Berri Txarrakek askorengan duen eraginak; lotura emozionala dela alegia, gure musika biografian leku pribilegiatua sortu duela. Eta hori urte luzez mantentzea ez da lan erraza izaten. Normalean, taldeek eta doinuek epe konkretu batean zeharkatzen zaituzte. Norbera aldatzen eta garatzen doan heinean, musika gustuetan ere bilakaera ematen da, eta abesti batzuk iraganeko niari lotzen dizkiogu, izan ginen horri, beste kanta batzuei lekua uzteko.

Badirudi, ordea, Berri Txarrakekoek jakin dutela gure etapa desberdinei soinu banda ipintzen. Nire etapen kasuan bai behintzat. Besteek La Polla entzuten zuten bitartean eta ni Operacion Triunfora kateatuta nengoela, salbamendu txalupa baten moduan iritsi ziren. Harrezkero, beraien doinuekin negar egin dut, haserretu naiz, abestu dut, maitemindu naiz, larrua jo dut, ahaldundu naiz…

Eta gaur egun, lau akorde baino gehiago dituzten kantak maite ditut, beraien hitzetan poesia dutenak. Ez. Ez naiz objektiboa eta ez dut beraien abestien kalitateaz hitz egingo. Kualitateaz bai, ordea. Emozionatzeko gaitasunaz. Nahi duzunaren eta behar duzunaren arteko distantziak laburtzeko ematen duten aukeraz.

Agur esango diegu, eta... Orain zer?