Zoria, zor

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2018ko abe. 30a, 10:00

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2018ko abenduko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Abraham Maslow psikologo humanistak piramide batean antolatu zituen gizakiaren beharrak. Haren arabera, bost taldetan mailakatu ditzakegu gizakiaren premiak, eta maila batekoak asebetetzeak, hurrengo koskakoak eskuratzeko motibazioa pizten du. Behar fisiologikoak dira funtsezkoenak, eta horien ondoren, segurtasunezkoak, sozialak eta estimuzkoak ezartzen ditu, autoerrealizaziora iritsi arte. Ikasleei kontzeptu horiek agertu nizkien egun berean iritsi zen etxera udaleko gutuna. Bertan, Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo diren Babes Ofizialeko Etxeen zozketan parte hartzeko eskabidea zetorren. Gizakiaren segurtasun beharra betetzeko aukera paregabea.

Testu hau irakurtzen duzuenerako erabakia hartua izango dut, baina aitortu behar dizuet mahai gainean bueltaka dabilkidala ditxosozko papera eta nire buruari promes egin diodala denborak nigatik erabakia hartu baino lehen egingo dudala zerbait. Arre edo so. Erre edo sinatu. Erabakiak hartzea ez da nire indargunetako bat, baina susmoa daukat lehen pausoarekin ezagun den amaiera sortu zela.

Galtzeko ezer ez nuela eta, beharrezko dokumentazioa aurkeztea omen zen onena. Baldintzak beteta, paper bat sinatu besterik ez omen dut egin behar zozketan sartzeko. Zozketan nire zenbakia ateratzen bada ezingo omen dut aukera "ikaragarria" galdu.

Nire ikara aurpegiak eta kontraesanek sortutako garriak imajinatzera iristen naiz, dirudienez, banketxeren bateko gerentearen aurrean egon beharra izango baita istorio honen amaiera zoriontsuena. Mahaiaren beste aldekoak Maslowren piramidean gora egiteak ekarriko didan zorigaitzaren urte kopurua zenbatzen didan bitartean, zortekoa naizela sinetsaraziko diot neure buruari. Zoriak zorra opari!