Euskaraldia 2020

Azpeitiko 193 entitatek eman dute izena Euskaraldian

Erabiltzailearen aurpegia

Norbanakoek ahobizi edo belarriprest rolean Euskaraldian izen-emateko epea irekitzearekin batera, entitateena amaitu da, eta Azpeitiko ia berrehun denda, taberna, enpresa, kirol eta kultur elkartek eman du izena bigarren edizioan, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko asmoz.

Izena eman duten 193 entitate horiek 300 barne-arigune identifikatu dituzte; hau da, ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten entitate barneko taldeak. Kanpo-ariguneei, hots, herritarrek entitatearekin euskaraz komunikatzeko gaitasuna duten guneei dagokienez, entitateek bermatu dute 248 gunetan herritarrak ahobizi edo belarriprest batek artatuko ditutela. Orotara, 1.789 pertsonak osatzen dute ariguneotako sarea.

Ondoko estekan ikus daiteke Euskaraldian izena eman duten Azpeitiko 193 entitateen zerrenda.

Orain, norbanakoak

Orain norbanakoen txanda da; horretarako, sartu www.euskaraldia.eus webgunean, eta eman izena. Bertan, zeure rola (ahobizi edo belarriprest) zehazteaz gain, hainbat datu eskatuko zaizkizu; bete formularioa eta erregistratu.

Internetetik kanpo ere eman ahal izango da izena Euskaraldiaren bigarren ediziorako. Ordenagailuekin hain ondo moldatzen ez diren herritarrek izango dute aukera azaroaren 20a bitartean kalean izena emateko.

Bitartean, adi egon eta parte hartu antolatuko diren ekimenetan. Badakizue, egin euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide