Euskaraldiko txapak gaurtik ostegunera jaso beharko dira

Erabiltzailearen aurpegia

Ostegunera bitartean Azoka Plazan banatuko dizkiete Belarriprestei eta Ahobiziei txapak. Asteazkenean, Euskaraldiko girotze saioa egingo dugu Sindikatu Zaharreko lehen solairuan.

Ostiralean hasiko da Euskaraldia ariketa soziala, eta Azpeitian izena emanda dauden herritarrek gaur eta osteguna artean jaso beharko dituzte txapak. Honakoa da ordutegia:

  • Gaur, astelehena: 18:30etik 20:00etara, Azoka Plazan.
  • Bihar, asteartea: 11:00etatik 13:00era, arkupeetan; eta 18:30etik 20:00etara. Azoka Plazan.
  • Asteazkena, hilak 21: 18:30etik 20:00etara, Azoka Plazan.
  • Osteguna, hilak 22:  18:30etik 20:00etara, Azoka Plazan.

Behin txapak banatuta, ostiralean, hilaren 23an, hasiko da Euskaraldia. Zure txapa jaso ezin baduzu, ezagunen bat bidal dezakezu haren bila. Dena dela, txapak ezingo dira jantzi ostirala bitartean. Ostiral goizean, Euskal Herri osoan, denok batera jantziko dugu gure Ahobizi edo Belarriprest txapa.

Egitasmoan eskolen bidez izena eman baduzue, aukera izango duzue txapa eskolan bertan jasotzeko, ikastetxe bakoitzak zehaztu duen prozeduraren bidez.

Bestalde, asteazkenean, 19:00etatik 20:00etara, Euskaraldiko girotze saioa egingo dugu Sindikatu Zaharreko lehen solairuan. Hara joaten direnek bertan jasoko dute txapa.

Izena eman dezakezu oraindik!

Oraindik izena eman ez baduzu, horretarako aukera duzu izenematea.euskaraldia.eus webgunean. Bestalde, txapak banatzen ari garenean ere inskripzio orriak izango ditugu, eta bertan izena emateko aukera izango duzue. 1.600 lagunek eman dugu izena, oraingoz, baina askoz gehiago izan gaitezke!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide