Euskaraldia

San Martin egoitzako langileek eta egoiliarrek ere bat egin dute Euskaraldiarekin

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko aza. 15a, 16:08

San Martin egoitza ere batu da Euskaraldia ariketa sozialera. Bertako egoiliarrek eta langileek bat egin dute egitasmoarekin, eta izenak jasotzen ari dira. Izan ere, uste dute Ahobiziekin eta Belarriprestekin aukera egon daitekeela egoitzako harreman hizkuntzak aldatzeko. Beraz, herrira gerturatzeko duten konpromisoari helduta, aurkezpena antolatu zuten eta izenak jasotzen ari dira.

Izena eman daiteke

Zuk ere Euskaraldian parte hartu nahi baduzu, izena eman dezakezu egitasmoaren webgunearen bitartez edo horretarako jarritako mahaietan. Esaterako, Sanjuandegin jarriko dugu bihar izen-emate mahaia, 18:30etik 20:30era.

Girotze saioak eta txapen banaketa

Euskaraldiko bigarren girotze saioa egingo dugu datorren asteazkenean, 19:00etatik 20:00etara, Sindikatu Zaharrean. Girotze saioak Azpeitiko Ahobizientzat eta Belarriprestentzat dira. Saio horietan azalduko dugu, oso arin eta modu praktikoan, zer konpromiso hartzen ditugun rol horiek hautatzean, eta zer egoera tokatuko zaizkigun. Horrez gain, egoera horietan eroso sentitzeko aholkuak emango ditugu eta gure iritziak konpartituko ditugu.

Herritar guztiak animatu nahi ditugu tailer horietan parte hartzera, aberasgarria izango delako denontzat. Eskertuko genuke, bertaratzeko asmoa dutenek mezu bat bidaltzea helbide honetara: azpeitia@euskaraldia.eus.

Girotze saioetara joaten direnek aukera izango dute Euskaraldiko txapa bertan jasotzeko. Gainontzekoentzat, datorren astean, astelehenetik ostegunera, egunero, Azoka Plazan izango da aukera txapak jasotzeko, 18:30etik 20:00etara, eta astearte goizean, arkupeetan, 11:00tatik 13:00era.