Euskaraldia

Herriko merkatariek eta ostalariek ere bat egin dute Euskaraldiarekin

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko aza. 9a, 11:16

Bertan merkatari elkarteko kideek eta beste hainbat saltokik eta tabernak bat egin dute Euskaraldiarekin. Entitate bezala, atxikimendua eman diote egitasmoari, eta konpromisoa hartu dute 11 egunez Ahobizi edo Belarriprest rola hartzeko. Beraz, bezeroei erakutsiko diete euskaraz egiteko edo euskara entzuteko prest daudela. Eskerrak eman nahi dizkiegu egitamoan parte hartzen ari diren guztiei; eta, batik bat, Bertan elkarteko kideei, hasieratik eman diguten laguntzagatik.

Euskaraldiko batzordea egunotan ari da herriko dendetan eta tabernetan pegatinak banatzen. Saltzailea edo tabernaria bazara, eta datorren asterako ez baduzu jaso pegatina, azpeitia@euskaraldia.eus-era mezu bat bidalita, joango gara pegatina ematera.

Izena eman daiteke

Zuk ere Euskaraldian parte hartu nahi baduzu, izena eman dezakezu izenematea.euskaraldia.eus webgunearen bitartez edo horretarako jarritako mahaietan. Gaur, ostirala, Urrestillan jarriko dugu izen-emate mahaia, 18:00etatik 20:00etara. Ondoren, Iraurgi Ikastetxeko Jose Artetxeko eraikinean (Betharram zena) egongo dira, datorren asteartean eta asteazkenean, 17:00etatik aurrera.

Girotze saioak

Euskaraldiko girotze saioak egingo ditugu, datorren astean eta hurrengoan. Girotze saioak Azpeitiko Ahobizientzat eta Belarriprestentzat dira. Saio horietan azalduko dugu, oso arin eta modu praktikoan, zer konpromiso hartzen ditugun rol horiek hautatzean, eta zer egoera tokatuko zaizkigun. Horrez gain, egoera horietan eroso sentitzeko aholkuak emango ditugu eta gure iritziak konpartituko ditugu.

Herritar guztiak animatu nahi ditugu tailer horietan parte hartzera, aberasgarria izango delako denontzat. Eskertuko genuke, bertaratzeko asmoa dutenek mezu bat bidaltzea helbide honetara: azpeitia@euskaraldia.eus. Tailer bera emango dugu bi egunetan, baina saio bat baino gehiago eskaini nahi izan ditugu, herritarrek aukera izan dezaten beraien egutegira moldatzeko.

Honako hauek dira datak: 

  • Azaroak 13, asteartea: 19:00-20:00. Sindikatu Zaharrean.
  • Azaroak 21, asteazkena: 19:00-20:00. Sindikatu Zaharrean.

Txapak jasotzeko

Euskaraldiko txapak jasotzeko, azaroaren 19tik 22ra egongo gara Azoka Plazan, 18:30etik 20:00etara. Azken aste horretan jaso beharko dira txapak, norbera joanda edo norbait bidalita.