Euskaraldia

Euskaraldiko girotze saioak egingo ditugu datorren astetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko urr. 30a, 12:22
Eskoletako ikasleak eta irakasleak ere, Euskaraldiarekin bat.

Girotze saioak Azpeitiko Ahobizientzat eta Belarriprestentzat izango dira. Saio horietan azalduko zaie zer konpromiso hartzen diren bi rol horiek hautatzean, eta zer egin beharko duten hamaika egunetan.

Euskaraldiko girotze saioak egingo ditugu, datorren astetik aurrera. Girotze saioak Azpeitiko Ahobizientzat eta Belarriprestentzat dira. Saio horietan azalduko dugu, oso arin eta modu praktikoan, zer konpromiso hartzen ditugun rol hauek hautatzean, eta zer egoera tokatuko zaizkigun. Horrez gain, egoera horietan eroso sentitzeko aholkuak emango ditugu eta gure iritziak konpartituko ditugu.

Herritar guztiak animatu nahi ditugu tailer horietan parte hartzera, aberasgarria izango delako denontzat. Eskertuko genuke, bertaratzeko asmoa dutenek mezu bat bidaltzea helbide honetara: azpeitia@euskaraldia.eus. Tailer bera emango dugu hiru egunetan, baina saio bat baino gehiago eskaini nahi izan ditugu, herritarrek aukera izan dezaten beraien egutegira moldatzeko.

Honako hauek dira datak: 

  • Azaroak 5, astelehena: 19:00-20:00.
  • Azaroak 13, asteartea: 19:00-20:00.
  • Azaroak 21, asteazkena: 19:00-20:00.

Euskaraldian izena eman nahi duzu?

Oraindik ez baduzu Euskaraldian izena eman, horretarako aukera duzu oraindik izenematea.euskaraldia.eus webgunearen bitartez. Horrez gain, herrian jartzen ari garen mahaietan ere eman daiteke izena. Honako egunetan izango gara kalean eta auzoetan: 

  • Azaroak 3, larunbata, plazan: 12:00etatik 13:30era.
  • Azaroak 9, ostirala, Urrestillan: 18:00etatik 20:00etara.

Zer da Euskaraldia?

Ariketa sozial hau azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da, eta helburua da hizkuntz ohiturak aldatzea zein euskararen erabilera sustatzea. Hau da, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea. Horretarako, herritarrek bi rol hauen artean erabaki beharko dute:

Ahobizi: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskaraz egingo diezu euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.

Belarriprest: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskal hiztun guztiei zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu.

Azpeitiarrok zeresan handia dugu Euskaraldian; izan ere, gure herriko egoera soziolinguistikoari ekarpena egiteaz gain, inguruko herrietan eta hirietan ere eragin dezakegu. Herri euskaldun bateko bizilagun bezala, euskara gurekin emango dugu edonora, eta indarra emango diogu Euskal Herri osoan zabal dadin.