Euskaraldia

Euskaraldia landu eta sustatuko dute Azpeitiko Udal Euskaltegian eta Euskara Patronatuan

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko urr. 1a, 10:48

B1 maila edo altuagoa duten ikasleek formazioa jasoko dute Euskaraldiko bi rolen artean bat erabakitzeko eta ariketak irauten duten 11 egun horietarako prestatzeko.

Azpeitiko Euskara Patronatuko eta Udal Euskaltegiko kideek bat egin dute Euskaraldiarekin. Ikasturte berria hasiko dute gaur, astelehena, eta lehen eskolekin batera Euskaraldiaren inguruko tailerrak eskainiko dizkiete bertako ikasleei.

Joan den astean bildu ziren Euskaraldiko batzordeko kideak eta udal euskaltegiko langileak, eta saio horiek emateko materiala prestatu zuten. Beraz, B1 maila edo altuagoa duten ikasleek formazioa jasoko dute Euskaraldiko bi rolen artean bat erabakitzeko eta ariketak irauten duen 11 egun horietarako prestatzeko.

Euskararen erabilera sustatzeko ariketa

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da, eta ariketa nazional horren helburua da hizkuntz ohiturak aldatzea zein euskararen erabilera areagotzea. Hau da, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea. Horretarako, herritarrek bi rol hauen artean erabaki beharko dute:

  • Ahobizi: 11 egunetan euskaraz egingo diezu euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.
  • Belarriprest: 11 egunetan euskal hiztun guztiei zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu.

Zuen lana da bi rol horietako bat aukeratzea, eta dagoeneko eman daiteke izena izenematea.euskaraldia.eus webgunean. Behin izena emanda, batzordeko kideak jarriko dira harremanetan zuekin, txapak banatzeko.