Harremanen inspekzio teknikoa

Ospakizun xumeen abagunea

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2021ko mar. 20a, 09:50

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, eskainitako sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratuko ditu Uztarria.eus-ek.

Gure existentzia eta harreman afektiboak aktualizatuta mantentzea garrantzitsua da, are gehiago testuinguru aldakor eta ezjakin honen aurrean. Nahaspilatu baino lehen arnasbidea ekar dezake gertakari berriak asimilatu eta ezohiko egoeretara egokitzen joateko ospakizun apalak bideratzeak.

Indibidualki, bikotearekin, lagun batzuekin, etxekoekin... Orain izan daiteke ospakizun xume baina esanguratsuei tartea egiteko unea. Aurreragorako uzteak mugarri garrantzitsu bat ezartzeko aukera galtzea ekar dezake.

Gure bizimoduak aldaketak jasan baditu ere, bidean galdutako plazerak,  pribilejioak, harremanak, konfiantza edota baliabideak atzean uzten ditugula onartzeko eta bizimodu berri edo arrotz bati atea irekitzeko unea izan daiteke.

Bizitzak aukera berriak eta oparotasuna ekarri baldin badizkigu, horixe partekatu, eskertu eta horri balioa eman diezaiokegu omenaldi apal baten bidez.

Bizitzari heltzeko, beharrezkoa dugu lorpenei eta galerei leku sinbolikoa egitea: harremanei atorpenak egitea idatziz edo aurrez aurre, etxeak eta lantokiak txukuntzea, bakarka edo konpainian negar egitea, guretzat bereziak eta eskuragarriak diren lekuak berriro bisitatzea...

Bizitzako etapa batetik beste batera iragateko balioko diguten ate edo ikurrak sortzearekin, bizitzak ekar deizazkiguken bizipen positiboei ere ematen diegu ongietorria. Esker onez bizitzeko aukera irekitzera hel gaitezke, lortu nahi ditugun ametsen bidea zeharkatzeko ausardia batu, lorpen txikiak gozatzeko patxara hartu edo/eta bidean galdutakoak sortu digun mina oroimen gozoetan transformatu.