Harremanen inspekzio teknikoa

Giro afektiboaren zaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2020ko aza. 7a, 10:35

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko lehen ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, eskainitako sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratuko ditu Uztarria.eus-ek.

Pandemiak aitzakiarik gabe utzi gaitu, gure sare afektiboarekin, harreman esanguratsuekin, eguneroko axaleko kontaktuekin, bikotekideekin eta sexukideekin ditugun hartu-emanen indarguneak eta hutsuneak begi bistan uzteko moduko haizete emozionala ekarri baitu berarekin. Bi hilabete hauetan bizi izan ditugun argiak eta itzalak liseritzen hasteko abagunea dugu esku artean.

Denboraren dimentsioetan murgiltzeko aukera izan dugu. Denbora oasiak batzuentzat, batzuetan; denborazko basamortuak besteetan. Ametsgaiztoen eta amets utopikoen errusiar mendian bizi izan dugun hori guztia, ez dezagun orain ahatz! Elkarrekin dugun etorkizuna eraikitzeko oparitu zaigun altxorra baita.

Zein harremanekin sentitu gara gertu, eroso, seguru? Ustez hurbilekoak ziren kideren batzuekin bat-batean hurrun sentitzera heldu al gara? Zein harremanek merezi dute hemendik aurrera gure arreta eta zaintza? Zer sumatu dugu faltan? Zer ez dugu faltan sumatu (gure harridurarako)? Zerk sortu digu askapen sentsazioa? Gure bizikideen zerk arritu gaitu? Zertan sentitzen dugu huts egin dugula edo egin digutela? Eta galderetan galderarik potoloena: norekin konfinatuko ginateke etorkizunean?

Txinan, izurritearen ondorioz, bikoteen arteko banaketak biderkatu dira. Nola gaude gure bikotekidearekin, halakorik dugunok? Nola partekatu dira etxekolanak elkarrekin bizi diren horien artean? Zer deskubritu dugu elkarri buruz? Zer gustatu zaigu? Eta zerk ikaratu gaitu?

Musukoen inespresibitateari aurre egiteko, elkar atsegin dugunon arteko giro afektiboa zaintzeko garaia dugu. Sentimenduak, emozioak, laudorioak, animoak... partekatzeko unea. Harremanak indartzeko ausardia baliatu dezagun, elkarrenganakoa eta esanguratsua denari lekua egin diezaiogun.

Atal honetan, eta Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuaren bitartez, harremanen inspekzio teknikoa egiteko hainbat galdera egingo eta baliabide eskainiko dizkizuegu. Erein beharrekoak ureztatu eta iraganari dagokiona bakean betirako uzteko.