Xabier Aldalur: "Epe laburrean Azpeitian ere sex-shop bat izango dugulakoan nago"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2020ko uzt. 1a, 12:02
Xabier Aldalur. (Haizea Egiguren)

Bertan merkatari elkartearen teknikaria da Xabier Aldalur eta berari egokitu zaio 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Nola seduzitzen gaituzte denda txikiek?

Gertutasuna, hurbileko harremana, da denda txikien sedukzio tresna nagusia. Baina ez da bakarra.

Zer du ederra txikitasunak harremanean?

Txikitasunak pertsonalizazioa ahalbideratzen du, bakoitzari nahi duena eskaintzea.

Azpeitia zaindu kanpaina martxan jarri duzue. Zer da zuretzat zaintza?

Maite duzuna babestea, behar eta nahi duenean.

Herriko merkatarien artean nola zaintzen da harremana?

Partekatzen diren helburuak identifikatzea eta eskutik helduta horiek lortzen saiatzea da gakoa.

Kanpainak koordinatzen aritzen zara, maindire artean ere koordinazioak ba al du garrantzirik?

Koordinazioa bai, baina inprobisazioari ere tartea utzita. Hor sortzen da magia.

Ligoteoa sustatzeko estrategia gomendagarririk?

Konplexuak albo batera uztea eta seguru sentitzea, askatasunez eta errespetuz.

Sexualitatearen esparruan, zertan sentsibilizatzea ikusten duzu beharrezko?

Aurrerapausoak eman badira ere, harremanetan parekidetasuna lortzeko sentsibilizazio lanean jarraitu beharra dago.

Erotismoaren merkatuan nola ikusten duzu Azpeitia?

Merkataritza erotikoa gero eta zabalduago dago. Epe laburrean Azpeitian ere sex-shop bat izango dugulakoan nago.

Merkatari txikiei etorkizun goxoa bermatzeko, zer?

Bikote harreman batean bezala, merkatariek eta herritarrek, denek, jarri behar dute euren partetik harremanak iraun dezan.

Gorbata jantzita politikariekin edo txandala jantzita kartelak pegatzen, bietan egon zaitezke. Xabiri horietako zerk ematen dio morbo gehien?

Asko fijatu ohi naiz ilean. Orrazkera aldaketek eta ilea eramateko moduan detaile bereizgarriek ematen didate morboa.

Egunerokoan, zerk ematen dizu gozamena?

Nahi dudanarekin nahi dudana egiteak.

Udako jaki atsegingarri bat?

Jogurta frutarekin eta zerealekin. Frutak afrodisiakoak badira, hobe.

Topaketa erotiko baterako kanta bat?

Kanten letrek piztu ohi didate arreta. Horregatik aukeratuko nuke Maixa eta Ixiarren Bexamela eta pastela.