June Berasategi: "Afektua oso gutxi lantzen da eskolan"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2020ko api. 13a, 11:28
June Berasategi.

Autoantolaketa taldeko kidea da June Berasategi Plazaola eta berari egokitu zaio 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Zer da autoantolaketatik gehien gustatzen zaizuna?

Taldean daukagun konfiantzazko giroa. Asko ikasten dugu elkarrekin.

Arreta handia eskatzen du ikasle izateak, zertan jarri behar da arreta jolasean?

Norbera eta jolasean daudenak ondo sentitzen.

Matematika eskutan, harreman osasuntsu baten hartu-emanen grafikoak zer erakutsiko luke?

Harremanen arabera aldakorra izango litzateke. Orokorrean, hartu eta eman modu orekatuan egitea.

Erotikan, kimikak zenbateko garrantzia du?

Handia. Ez da gauza bera kimika izatea ala ez izatea.

Zein da, nerabeekiko, sexualitate kontuetan egon daitekeen mito bat?

Ez dakigula ezer, ume batzuk izaten jarraitzen dugula.

Helduek nola ikusten zaituztete nerabeak gaiarekiko?

Helduen begiradatik, nerabeak gaian "espabilatuak" garela pentsatzen da. Baina hori bai, "espabilatuak" beti kanpokoak dira, etxekoak "inuzenteak" garela pentsatzeko joera dago.

Zuen aiton-amonen garaitik zuen garaira, aldaketa handirik sumatzen al duzue sexualitateari dagokionez?

Gauza asko aldatu direla esango nuke, baina oraindik asko dago aldatzeko.

Gaitasun afektiboa neurtzeko azterketa bat egingo balitz, zer ikusiko genuke?

Afektua oso gutxi lantzen da eskolan. Lantzen duguna norbanakotik eta taldean gure artean lantzen delako izaten da askotan.

Eskolarako proposamenik, sexuen hezkuntza lantzeko?

Nire ustez, garrantzia gehiago eman eta urte guztian zehar landu beharko genuke. Gaia lantzea oso garrantzitsua da.

Sexu aniztasuna ikusten al da eskolan?

Gizarte honek berdinak izatera bultzatzen gaitu, eta uste dut hori eskolan ere irudikatzen dela. Aniztasuna ere ikasgeletan gehiago landu behar genukeen gaietako bat da.