Aitor Bengoetxea: "Sormena eta erotismoa eskutik doaz"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2019ko eka. 26a, 11:48
Aitor Bengoetxea. (Haizea Egiguren)

Kulturaz kooperatibako Aitor Bengoetxea Ondarruri egokitu zaio Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Herriko kultur argazkia begirada erotiko batekin eginez gero, zer nabaritzen duzu?

Argazkia interesgarria da, sujerentea eta anitza. Zerbait berria agertuko den sentipena ematen dit.

Kultura aberatsa izan dadin, nola zaindu behar da?

Zaintzeko maitatu egin behar da, eta maitatzeko ezagutu. Zaindu maite duzun hori!

Erotismoa eta kultura etengabe ari dira aldatzen, berritzen. Zein da egungo egoera?

Kontsumo azkarraren zurrunbilo honen aurrean, slow sex-aren alde egin behar genuke.

Sormen gunean erotismoak zer toki izatea nahi zenuke?

Erabatekoa. Sormena eta erotismoa eskutik doaz.

Askotariko kultur eta sormen proiektuak koordinatzen dituzu. Maindire artean ere garrantzitsua al da koordinazioa?

Oreka kontua da. Deskoordinazioak ere behar du bere tokia.

Asko ligatzen al da Sanagustinen?

Une eta giro oso desberdinak izaten dira bertan, baina bada horretaz baliatzen denik.

Antzerkia ere maite duzu. Zure bizitzako protagonista al zara?

Saiatzen naiz. Horrek norbere burua ongi ezagutzea eskatzen du.

Kitzikatzen zaituen zerbait?

Espero ez dudanean norbaiten benetako esentzia deskubritzeak.

Norbaiten azalaren gainean...

Zentzumenei arreta jarri. Erotismoa usaindu, poema bat idatzi, mango izozki bat jan...

Jolasa girotzeko joko zenukeen musika?

Jazza, John Coltraine.

Kultur plan erotiko interesgarri bat?

Zuzeneko ikuskizun bat, bai musika edo bai antzerkia; gorputza mugimenduan.

Zer esango zenioke Plax!-era joan ala ez zalantzan denari?

Norberarengan arreta eta denbora inbertitzea dela egin dezakegun gauza onena.