Eli Urrestilla: "Lore on bat aukeratzea bera, ez al da nahikoa?"

Erabiltzailearen aurpegia
Eli Urrestilla. (Haizea Egiguren)

Eli Urrestilla lorezainari egokitu zaio Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Noiz hasi zinen lorezain lanetan?

Orain dela 26 urte.

Zer behar da lorezain ona izateko?

Mundu hau gustuko izateak beti laguntzen du. Loreak ezagutzea eta bakoitzaren erritmoa errespetatzen jakitea ezinbestekoa da.

Erotika munduan ere aplika ditzakegu aldagai horiek? Besteren bat gehituko?

Kar, kar! Guztiz. Zerbait gehitzekotan, norbere buruarekin eta bestearekin konfiantza izatea.

Zure bilakaera erotikoa lore ezberdinen bidez irudikatuko bazenu, zein lore eta zer ordenatan izango lirateke?

Kaktusa, jazmina eta lirioak. Bilakaeraren ordenari dagokionez, berriz, bakoitzak pentsa dezala nahi duena!

Zure bizitzaren lorategia zerekin ureztatzen saiatzen zara ederra izan dadin?

Umorez.

Lorez lore ibiltzea gustuko?

Lore on bat aukeratzea bera, ez al da nahikoa?

Elik maitasun kontuetan arantza asko utzi izan al ditu?

Bidean bakar batzuk.

Udaberriak zer esaten dizu zuri?

Odola berotzen den garaia da, natura bera ere pil-pilean dago sasoi honetan.

Berreskuratu nahiko zenukeen pertsona bati zer lore oparituko zenioke?

Alegria de la casa bat, lore zuriekin.

Nola abonatzen da sedukzioaren lurra?

Autentikoa eta naturala izanda.

Bihurrikeriak egiteko lorategi bat?

Gogoa badago, edozein lorategi. Hori bai, txakur kakarik ez egotea komeni!

Landare bat izatekotan, zein izango zinateke?

Pago gorri bat.

Lore baten usaina?

Krabelinarena.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide