Iñaki Aizpuru: "Zaila zen gurasoekin sexuaz hitz egitea, ez geunden ohituta ez beraiek eta ez gu"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Erotikan Plax! | Gizartea
2019ko ots. 27a, 15:25

Zutarri guraso elkarteko koordinatzailea da Iñaki Aizpuru, eta hiru seme-alabaren aita ere bai. Berari egokitu zaio Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Iñaki Aizpuru.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Nolako sexu heziketa jaso zenuen zure gurasoengandik?

Garai hartakoa; zaila zen gurasoekin sexuaz hitz egitea, ez geunden ohituta ez beraiek eta ez gu.

Zer transmititzen saiatzen zara zure haurrei?

Naturaltasuna eta ikuspegi anitzagoa.

Nola zaintzen da intimitatea hiru umeren aita izanda?

Puf... Oso zaila bihurtzen da une askotan.

Zuen etxean, atea irekita ala itxita?

Bietara, egoeraren arabera.

Zein da zure seme-alabek egin dizuten galderarik deserosoena?

Adibidez, zergatik gertatzen diren bikoteen arteko banaketak eta tratu txarrak.

Irudikatu familian telebistari begira gaudela, eta eszena erotiko bat ikusten dugula. Zer gertatuko litzateke Azpeitiko familia gehienetan?

Gai horri dagokionez, azken urteetan asko eboluzionatu dugun arren, uste dut oraindik ere hainbat etxetan zappinga egingo luketela.

Haur parkean asko ligatzen al da?

Baietz esango nuke. Gaur egun, supermerkatuan baino gehiago, kar, kar, kar.

Tartea duzunean, zer egiten duzu plazer hutsez?

Pijamarik gabeko siesta gozo-gozo bat.

Zure seme edo alaba parrandan hasten denean, pentsatu al duzu zer esan?

Oraindik ez dut pentsatu, baina orain bat-batean esateko: "Ondo pasatu, pasatu gabe".

Tratu onetan oinarritutako harremanak eraikitzeko, zertan jarriko zenuke arreta?

Komunikazioan, errespetuan eta enpatian.

Norekin eta nora bidaiatuko zenuke gustura?

Emaztearekin eta hiru seme-alabekin, Afrikara.

Zure egunerokoan duzun erronkaren bat esango?

Bizitza patxada gehiagoz hartzea eta gauza txikietaz ere gozatzea.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu