Erik Etxeberria: "Sexualitateaz serio hitz egiterakoan, oraindik natural ez dugula hitz egiten esango nuke"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2017ko ots. 22a, 13:14
Erik Etxeberria.

Erik Etxeberria sokamutilari egokitu zaio otsaileko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko sexu-galderei erantzutea. 

Nondik datorkizu sokamutil izateko afizioa?

Txiki txikitatik izan dut gustuko. Gure amona oso zezenzalea zen. Gogoratzen dut, Miserikordia aurrean, barandila berde haien atzean, han egoten zela ordubete lehenago zezena noiz agertuko zain.

Sokamuturrak bezainbesteko garrantzia al du sexualitateak zure bizitzan?

Ez dira konparagarriak. Baina bai, biak dira niretzat garrantzitsuak.

Gaur egun gazteen artean sexualitateaz lasai eta patxadaz hitz egiten dela esango zenuke?

Lagun artean bromak eta adar jotzeak asko, baina gero sexualitateaz serio hitz egiterakoan, oraindik natural ez dugula hitz egiten esango nuke.

Nondik eta nola gustatzen zaizu sokari heltzea?

Aurreko puntatik, eskubiko eskuarekin eta gogor.

Zezena gidatzea da zure funtzioetako bat. Oro har, zure bizitzan jendearekin harremanean gidatzeko rola hartzea duzu gustuko?

Ez, ez nuke esango. Momentu edo kasu batzutan hartzen dut paper hori, baina orokorrean denon artean gidatzea gustukoago dut.

Soka gehiegi tiraz gero, eten egiten da. Nola mantentzen da harreman baten soka osasuntsu?

Bakoitzak bere aldera tiratzea ondo dago, baina beti tamainan, eta elkar zedituz.

Inoiz harrapatu zaitu zezenak?

Eskolan azterketa garaian, beti azkeneko momentuan zezenak harrapatu arte.

Sokaneskak noizko?

Lehenbailen, hurrengo urtean bertan bada, hobe. Ederra litzateke. Nik gustura pasako nioke erreleboa neska bati. Bat gehiago izango litzateke.

Haurtzaroko une bat?

Nire anaia jaio zenean.

Txoko erotiko bat?

Sistiaga erreka.

Jaki estimulagarri bat?

Txokolate beltza.

Abesti bat?

Laboaren Izarren hautsa.

Usain goxo bat?

Ume jaio berriaren usaina.