Gazte esparrutik ekarpena egin asmoz, Azpeitiko Ernaik ere bat egiten du Azpeitiko Sare Herritarrak biharko deitu duen manifestazioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2021ko urt. 8a, 12:50

Askatasuna dugu helburu. Eta hori adierazi nahi diogu euskal gizarteari eta, bereziki, euskal gazteriari: euskal preso, iheslari eta deportatuek kalean egon behar dutela, alegia. Eta preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herriaren alde, bakean eta askatasunean biziko garen Euskal Herri askea aldarrikatzen dugula.

Euskal Herrian, gatazka politiko-armatuaren fasearen ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi dugu. injustizia bat delako eta horrela bizi duelako herri honetan gazteriaren gehiengo batek. Ulergaitza egiten zaigu bere burua demokratikotzat duten estatuek oraindik ere 218 preso eta hamarkana iheslari eta deportatu etxetik ehundaka kilometrora bahiturik izaten jarraitzea. Herri honen etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko oztopo nagusia da gure belaunaldiarentzako.

 

Senide, lagun eta auzokideak espetxean edo erbestean ditugun azken belaunaldia izan nahi dugu, astebururo ehundaka kilometro egitera behartuak gauden azkenak, azken motxiladun umeak. Eta gure lana, beraz, norabide horretan kokatzen dugu: errepresaliatu politiko guztien askatasunaren alde.

 

Duela hiru urte Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hausnarketa abiatu eta espetxeak husteko eta dispertsioarekin amaitzeko bidea marraztu zuen. EPPKrekin eta kolektiboak erabakitako ildoarekin atxikimendua adierazi eta gazteok zuekin jarraitzen dugula ozen esan nahi dugu.

 

Era berean, azken hilabeteetan ikusi ditugu urrunketarekin amaitzen hasteko zenbait pausu, Gotzon Aranburu gure herritarraren kasua dugu adibide. Horiei balioa eman eta bide horretan jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Ez delako nahikoa, eta borroka honetan bultza egitea ezinbestekoa delako urratsak ematen jarraitzeko. Euskal preso, iheslari eta deportatu bakoitza Euskal Herrian eta askatasunean izan arte!

 

Elkartasunez, dei egiten diogu Azpeitiko gazteriari Gotzon eta Powri elkartasun keinuak helaraztera, bisitetara joanez edo gutunak idatziz. Ez ditugulako bakarrik utziko, maite ditugulako eta ez garelako inoiz hutsuneekin bizitzera ohituko; herri honen askapenaren aldeko borrokan ezinbesteko pieza diren kideak gurekin borrokan behar ditugulako.

 

Horregatik, eta amaitzeko, euskal gazteriari eta jendarteri euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte kalera ateratzen jarraitzeko deia luzatu nahi diegu. Bihar Azpeitiko kaleak betetzea dagokigu. Eta halaxe egingo dugu!

Askatasuna, konpromisoa, elkartasuna eta maitasuna.

Gora Euskal Preso Politikoen Kolektiboa!

Gazteok zuekin!

Pow eta Gotzon etxera!