Azpeitiko Ernaik elkartasuna adierazi die 48 auzipetuei

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2017ko urr. 25a, 10:11
Beste makroepaiketa batek kolpatu du Euskal Herria. Estatuaren aparatu errepresiboak herritar guztion eskubide zibil eta politikoak zapaltzen jarraitzen dute beste behin. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde lan egin duten herritarrak espetxeratu nahian. Oraingo honetan presoen babes taldeen aurka jo dute zigor eskaera gogorrekin. \ \ Herrirako kide izateagatik auzipetu dute Eneko Ibarguren azpeitiarra. Guztira, 48 dira euskal presoen alde lanean aritzeagatik auzipetuak. Denera, 590 urte eskatzen dizkie fiskaltzak, Enekori 13 urte eta 6 hilabeteko espetxeratzea eskatu du. Gainera, 4.800 euroko isuna eta 8 urteko inhabilitazioa eskatu ditu, eta kartzelaldia bukatzean, 48 auzipetuek lau eta zortzi urte bitartean igaro beharko dituzte zaintzapean. \ \ Oraindik preso politiko ugari ditugu kartzeletan sakabanatuta, eta beharrezkoa da lanean jarraitzea guztiak etxeratu arte, beraz txalotzekoa iruditzen zaigu herritar hauen lana. Mendeku politiken ondorioz bizia bera jokatzen dute batzuek, horren adibide dugu Ibon Iparragirre presoa, etxean eta bizirik nahi duguna. \ \ 1978. urtean aurpegia garbitzeko ariketa egin zuen Espainiar erregimenak. Trantsizioa deitu zioten antzezlana burutu ostean, guztia aldatu zuten guztiak berdin jarrai zezan. Inoiz baino ageriago ari da geratzen egunotan Espainiar Estatuaren benetako aurpegia, bere izaera faxista. Herrialde Katalanen aurka 155. artikulua aplikatzeko mekanismoak martxan jarri dituzte. Honek inoiz baino ageriagoan utzi du autonomiaren ahultasuna eta independentziaren beharrezkotasuna. \ \ Ez ditugu, ordea, gertaera hauek isolatutzat hartzen, izan ere, Kataluniari begira eskuak burura eramaten ari garen honetan, oso ezagunak zaizkigu bertan erabiltzen ari diren mekanismoak Euskal Herrian. Ez ginen gutxi izan urriak 1eko irudiak ikustean Loiolako herri harresiarekin gogoratu ginenak; epaiketa politiko baten aurka egiteagatik herritarrak jipoitu zituzten orduan. Horrez gain, eragile politikoak, alderdiak, komunikabideak ilegalizatu dituzte, eta lehen aipatu bezala, preso politiko ugari ditugu oraindik. Hamaika injustizia ikusi ditugu, eta 48 auzipetuen aurkako epaiketa beste adibide bat gehiago da. \ \ Herri honen bihotzak aspalditik ponpatzen duen askatasun nahia zain guztietatik zabaltzen ari da Euskal Herriko txoko guztietara. Honen jakitun da estatua eta herritarron indarraz jabeturik gure proiektu politikoa oztopatu nahian dabil errepresioaren bidez. Erantzun dinamiketan blokeatu nahi gaituzte aurrera ez egiteko. \ \ Aurrera egingo dugu ordea. Erakutsi duzuen elkartasun olatu berarekin erantzungo du herriak; eta gazteok herria garen heinean eta herria egingo dugun heinean, zuekin izango gaituzue, besarkada bana auzipetu guztiei. \ \ \