Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat neskek sare sozialetan jaso dituzten mehatxuak "gogor eta ozen" salatu ditu Ernaik

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2017ko eka. 14a, 18:59

Joan den astean jazo ziren gertaerak, eta mehatxatuak izan ziren neska guztiek mezu bera jaso zuten: "Instagram kontuan zuen titi pusketarik ez dugu ikusi nahi. Hau ez dugu nahi 'Instaistorias'-en ikusterik. Egiten baduzue, buelta egongo da", zioen.

Azpeitiko Ernaik "gogor eta ozen" salatu ditu Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat neskek joan den astean Instragram bidez jaso zituzten mehatxu mezuak. "Mehatxua egin zutenak anonimoki mozorrotua egon arren, garbi dugu guztiaren oinarrian emakumeok egunero pairatu beharreko sistema patriarkala dagoela, eta eraso hauek sistema horren fruitua izan direla", esan du Ernaik. Horrez gain, salatu du "gezurra badirudi ere", oraindik emakumeak ez direla aske  ezta beren gorputza erakusteko ere.

Jazotako eraso matxistak "egunerokotasunean mozorrotuta nahiz agerian dauden erasoak bezala", "gogor eta ozen" salatu behar direla aldarrikatu du Ernaik: "Ez dugu anonimoki mehatxatu duen pertsona hori bakarrik salatu behar, egungo gizarte matxista hau ere salatu behar dugu. Ez dugulako nahi soilik eraso hauek erantzunik gabe uztea, eraso guzti hauen sustraiak moztea ere nahi dugulako".

Ernaik ez ezik, gertaerak salatu dituzte Sostenipe talde feministak, Urolako Hezkidetza Foroak eta Azpeitiko zein Azkoitiko Udalek.