Indarkeria matxistak milaka aurpegi eta ahots ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2013ko aza. 25a, 17:58
Indarkeria matxistak milaka aurpegi eta milaka ahots ditu, eta hainbat modutan adierazten da bizitzako esparru guztietan. Batzuetan emakumeon gorputzak jipoituz, besteetan bihotzak geldituz eta sarri-askotan hain bistakoak ez diren moduetan: gure ahotsa eta iritzia isilaraziz, ama izatera derrigortuz, kanon estetiko zehatz baten esklabu bihurtuz, geure burua gizonezko baten begiradatik maitatzera behartuz, bakarrik gaudenean beldurra sentiaraziz... Indarkeria matxistak ez ditu ez klase sozialak, ez adina aintzat hartzen. Batekoa zein bestekoa, heldu zein gazte izan, emakumeok jazarriak gara. Izan ere, indarkeria matxista sistema kapitalista-patriarkarrak bere biziraupenerako ezinbestekoa duen tresna da, modu honetan mantentzen eta erreproduzitzen baitira hain beharrezkoak dituen botere harremanak. \ \ Botere hegemonikoek gure jabe balira bezala jokatzen dute: zer egin behar dugun azalduz, nola maitatu behar dugun inposatuz, zer jantzi behar dugun zehaztuz... baina nahikoa da! Gu gara gure buruaren jabe bakarrak eta ez dugu onartuko inoren menpe bizitzea. Horregatik, gaur eta beti jarraituko dugu indarkeria sexistaren aurkako borrokan, autodefentsaz aurrera egiten. Azaroaren 25a egun aproposa da aldarri hau kaleratzeko eta egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Baina borroka feministak egun bateko lanketaz harago, geure eguneroko bizitzaren parte izan behar du, modu horretan soilik izango baikara aske. \ \ Beraz, gaur Azpeitian 19:30ean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko dei egiten diegu herritarrei; eta baita 21:00etan Emakumeen Txokoan izango den film laburren emanaldira hurbiltzeko ere. Eguneroko eraso sexista guztien aurrean, feminismoak soilik askatuko baikaitu.