Marra horiak

Erabiltzailearen aurpegia

Erika Olaizolak idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Azken hilabeteetan marra horietan aparkatzeagatik jasotako bi isunez hitz egin du azpeitiarrak.

Normalean ez nuke horrelako zerbait publikoki idatziko, baina oraingoan animatu egin naiz. Denok ditugu gure mugak, eta nireak gainditu egin dira. Edo beste era batera esanda, obarioetaraino egin naiz. Bizipen pertsonaletik kontatuko dut hau, noski, nire subjektibotasunetik. Ahotsa hartzeko beharra sentitu dut, beharbada ez naizelako bakarra.

Gure herrian, Azpeitian, badira marra hori batzuk non bertan autoa aparkatuta isuna jartzen dizuten. Horraino ulertzen dut. Baina badaude gune konkretu batzuk non marra horiak egon arren, aspalditik kotxeak aparkatzen diren bertan, modu horretan ulertzera emanaz, leku horietan aparka daitekeela. Esango nuke aparkaleku horien ofizialtasuna lortzeko marra hori horiek txuriz margotzea falta dela, baina marrak horiak direnez, tarteka, nahi dutenean, egunaren, aldartearen edo ez dakit zerren arabera, isunak jartzen dituzte.

Nik bi isun jaso ditut denbora gutxian: lehena, Soreasu atzeko aparkalekuan. Bi auto sartzen dira han inori enbarazurik egin gabe. Denbora mordoa neraman bertan aparkatzen inolako arazorik gabe, baina egun batean, isuna jarri zidaten. Udaltzaingora joan nintzen azalpenak ematera eta azalpen eske; esan beharra dut, egun horretan tratua egokia izan zela udaltzainaren partetik. Entzuna sentitu nintzen, eta bere partetik ni informatzen saiatu zen —izan beharko lukeen bezala—. Hark onartu zidan baietz, egia dela herrian gune batzuk ez daudela oso argi seinalatuta, eta nire isunaren arrazoia ez zela marraren gainean aparkatzeagatik, apur bat kanporaka zegoela autoa, eta ondo aparkatuta balego, beharbada ez zidatela multarik jarriko. Ados. Nahi banuen erreklamazioa betetzeko esan zidan udaltzainak, eta azaldu zidan erreklamazioa betetzen banuen eta ez bazidaten arrazoia ematen, isun osoa ordaindu beharko nuela. Ados. Galtzeko denak nik nituen, beraz. Hark isuna momentuan ordaintzeko gomendatu zidan; ez nengoen konforme, baina ados, ordaindu egin nuen.

Bigarren isuna. Oraingoan, hilabete batzuk geroago, inon ez egoen aparkatzeko lekurik, eta leku berean baina apur bat aurrerago, ertzean, kontzientziarekin eta ondo aparkatuta utzi nuen autoa. Isuna jarri zidaten berriro. Joan nintzen azalpenak ematera eta azalpenak eskatzera, eta beste udaltzain bat tokatu zitzaidan. Bigarrengo aldi horretan tratua ez zen hain ona izan. "Marra horian ezin da aparkatu", zioen behin eta berriro udaltzainak. Ni saiatu nintzen aurrekoan gertatutakoa eta bere lankide batek esandakoa azaltzen. Ez nintzen entzuna sentitu. Insistitu egin zuen marra horian ezin zela aparkatu. Ados. Ezin da, eta punto. Erreklamazio orria luzatu zidan.

Boterean dagoen uste horretatik hitz egiten dizutenean sentitu nuen inpotentziarekin atera nintzen bertatik. Beraz, jakin dezazuen, Etxe Zuri ondoko aparkalekuetan ezin da aparkatu, eta Soreasu atzean ere ez. Lehen esan dudan moduan, ez dakit zergatik ez dituzten behingoz marra txuriak margotzen eta aparkaleku horiek ofizial egiten. Eta hori bai, isuneko marra horiari H-a falta zitzazion. Badaezpada, isunak jartzen jarraitzeko asmoa badute ere...

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide