Itzaletik argira

Erabiltzailearen aurpegia Erika Olaizola 2020ko api. 20a, 19:00

Egunak daramatzat gaurko egunean pentsatzen. Eta gaurko egunean zerbait idaztearen ideiari bueltaka. Ezer ez idaztea erabaki nuen, baina gaur, hitzak beraiek etorri dira nire ahora, eta honako hauek tekleatu ditut. Egunak daramatzat greba digitalari bueltaka. Eta pentsatu dut nire kasuan ez duela zentzu handirik, ez naizelako modu aktibo batean egon eta gaurko eguna atzokoa bezalakoa izango delako kanpora begira.

Desagertzen banaiz, inor ere ez dela ohartuko pentsatzen dut. Ez dut desagertu nahi, berezko egoeran nahiko itzalean sentitzen garelako askotan. Eta hemendik aurrera, orokorrean eta pluralean idazteko lizentzia hartuko dut. Egoera honetara iritsi behar izan dugu ohartzeko, agian, eraikia genuena ez zela hain sendoa. Egia esan, bagenekien ez zela hain sendoa. Noski bagenekiela ez zela batere sendoa. Gure artean askotan hitz egin dugu lanean jardun garen baldintzez. Denbora gutxian, lan asko eta ez hain ongi ordainduak. Kexatu gara lan baldintza horiez eta kexatu gara gauza askotaz, baina beti ere isilean, guretzako, gure artean, barrurako; itzalean beti. Eta norbait berea defendatzen hastean ere, bizkarra eman diogu. Bai, hori ere egin dugu. Eta orain, gure lana baloratu dezaten nahi dugu, gu geuk ere askotan egin ez dugunean. Esatearen beldurrak askotan gelditu eta isildu gaitu. Eta beste behin, gure lana baloratu dezaten nahi dugu, gu geuk ere askotan egin ez dugunean.

Jaso dugun zaplazteko honek, behingoagatik, espabilatzeko balio dezala. Balio dezala gure lanari balioa guk geuk emateko. Gure baldintzak duinak izatea defendatzeko. Balio dezala gure ahotsa ateratzeko. Balio dezala gure mugak jartzeko. Baietzak eta ezetzak emateko. Balio dezala ahalduntzeko.

Hainbeste denbora daramagu isilean eta ezkutuan, baina... Zer gertatuko litzateke entzunak bagina? Zer gertatuko litzateke ikusiak bagina? Zeren beldur gara?