Si vis festa para denok

Erabiltzailearen aurpegia da hau Erik Aznal Larrañaga | Iritzia
2015ko uzt. 29a, 13:05

San Inazioak, San Inaziyuek edo Saninaziyuek, berdin zait nola kamuflatu: azpeitiarrez edo dena batera idatzita, kartel eta egitarauetan edo eskuz margotutako kamisetetan. Noiz arte izango dute gure festek santuen izena?

Festetan prozesio asko izango ditugu. Batzuk txosnetako basoa zintzilik plazan gora eta behera balantzaka egingo direnak, besteak goizeko sokamuturrean -gure festa egiteko imajinazio faltaren errurik ez duten- zezenen aurrean lasterka egingo direnak, barrakaz barraka euren eskupekoa xahutuko duten gaztetxo edo ez hain gaztetxoena, kaleak alaitzen kantupoteoan arituko diren horienak... Eta bai, espero aurten euriak narrastuko duen Loiolarainoko prozesioa. Kaleak pribatizatuko dituenak instituzio gorenak txalotzeko, elizgizon eta instituzio gizonak -bai guztiak gizonak- Gure alkate Eneko Etxeberria, Gipuzkoako ahaldun nagusia Markel Olano, Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta nola ez Munilla gotzaina. Eta gainera, oraindik festaz gozatzen ari diren gazteak kaleetatik baztertzeaz gain hauen kexua kriminalizatuko dugu, euren prekarietate egoeraren eta euren baliabide produktibo eta sozialen pribatizazioa gauzatzeko politikak arautzen eta gauzatzen dituzten horiek txalotzeko. Baina badakigu, hauek 'Saninaziyuek' dira autoritate kristau eta maskulinoen festa.

Eta herriaren kultura aniztasun, iritzi aniztasun, erlijio aniztasun, eta nahi dugunean ahoa hainbeste betetzen digun aniztasun guzti horri ze ekarpen egiten diogu? Alarde tradizionala, esaterako,jaiegun baztertzailea dela gutxik ukatuko didazue. Eta Saninaziyuek? Gure Saninaziyuek, ere ez al dira nolabait festa baztertzaileak? Herri edo komunitate osoaren partehartzea ez sustatzeaz gain instituzioen izenpean -herri guztiaren ordezkaritzan- gauzatzen diren ekimenetan herriaren gutxiengo baten interes eta beharrak asetzeaz gain, herriaren baliabideak gutxiengo horren sinesmenak ordezkatzera bideratzen direnean. Beste behin festak baliabide ekonomiko jakin batzuk dituen,norbanako zuri eta errepresentazioz gizonezkoak diren horien hobespenerako antolatuz. Hor dago 'Saninaziyuen' bazterkeria: festak gauzatzeko bitartekoak komunitatearentzat baino kolektibo jakin batera bideratzean. (Guzti honekin ez dut adierazi nahi Udalak ez dituenik bitartekorik ezartzen komunitate osoak har dezan parte festetan, eta udalean jaiak antolatzen aritu direnen lana txalogarria ez denik)

Jada ikusten ari naiz lerro hauek irakurtzen ari den azpeitiar 'peto' eskandalizatuaren aurpegia, atzerritarrak gure festak 'Saninaziyuek' aldatzera datozela esanez, 'falta zana'. Ni ere atzerritarra naiz Azpeitian, Itziartik nator. Nire kasuan ez nator ez Amerika hegoaldetik, ez Afrika iparraldetik ez eta Europa ekialdetik ere, 30 minututara dagoen herri txiki batetik baizik. Baina eurak bezala baliabide jakin batzuk ase ezinagatik etorri nintzen Azpeitira bizitzera. Nire kasuan hezkuntza izan zen arrazoia, gertuen neukan ikastetxea izanagatik. Eta Azpeitiar 'peto' horri diotsut, guk atzerritarrok, zuk bezainbeste eskubide daukagula Azpeitiko festak gure egin eta gozatzeko, eta herriak edo komunitateak dituen baliabide guztiak horretara bideratzea aldarrikatzeko, eta egingo dugu.

Zorionez bada herri guztiaren partehartzea eta ordezkaritza sustatzeko eta bermatzeko eragile bat, Haujijijai festa batzordea. Eta egitaraua  irakurriz eta antolakuntza markoak aztertuz lortu ere lortu du. Baina zergatik jarraitzen dugu denon artean eta denontzat antolatutako festa eredu bat gutxi batzuen interesak eta nahiak ordezkatzen dituen titulu batez izendatzen? Zertaz ari gara santuetaz edo ereduetaz?

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu