Ekainaren 5eko herri galdeketa

Horizontaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2016ko eka. 7a, 15:00

Herri galdeketez, parte hartzeaz, kultura politikoaz, burujabetzaz, prozesuaz... 'Berria'-n argitaratutako analisia da.

Ona al da %29,3ko parte hartzea, ala ez? Euskal Herriaren estatusaz galdeketa sorta bat antolatu eta jendeak parte hartu izana da garrantzitsua. Gainera, azterketa kuantitatibo baterako kontuan hartzekoa da igandeko kontsultak ez zirela instituzionalak, behin betikoak eta lotesleak; prozesu independentistarik eta indar politiko abertzaleen arteko elkarlanik ez dagoela; euskal estatuaren kontrakoek ez dutela bozkatu eta polarizaziorik ez dela egon; kanpainak plataforma amateurrek antolatu dituztela eta aurrekontu txikia eduki dutela; gaia hedabide nagusietan ez dela izan; edota parte hartzearen kultura oraindik ere ez dela aski zabaldua eta errotua. Hala ere, ia %30eko partaidetza egon da. Agendan dago gaia.

Dena dela, parte hartze datuetan izan dira ahulezia batzuk; batik bat, Goierriko bost udalerri handienetan. Ordizian %22,9koa izan da partaidetza, Beasainen %21,1ekoa, Legazpin %20,9koa, Urretxun %20,6koa eta Zumarragan %13,4koa. Debagoienean, galdeketa denetako herri nagusikoa izan da datu txikiena: Arrasatekoa, %23,5koarekin. Udalerri handien artetik Azpeitiak eman du mailarik onena, %39,3ko parte hartzearekin –ia bost mila boto–.

Joseba Egibarrek orain dela ia hiru hilabete ETB1en Goierriko prozesua laudatu zuen: "Goierrin galdera zein izan behar den eztabaidatzeko prozedura desberdina da Debagoienean eta Azpeitian egin diren proposamenekin alderatuz. Debagoienean eta Azpeitian, adibidez, zuzen-zuzenean independentziaren galdera dago, eta nik uste Goierrikoa oso egoki zuzenduta dagoela, gizartearen parte hartzea bilatu nahi delako". Galdeketa batean parte hartzea sustatzeko modu desberdinak daude. Haietako bat bada galdera adosteko prozesua. Izan daitekeen bezala ekitaldiak, hitzaldiak eta antzekoak antolatzea; baina halakoek irismen laburra dute, ez baitira masa batera heltzen. Parte hartzea bultzatzeko modu zuzenagoa izan ohi da, formatu desberdinak jorratuz, azpiko lana eta ahoz ahokoa, jende xeheari inplikazioa eskatze hori; eta arlokako azterketa egiteak ere onurak ekar ditzake, gaia fokalizatu eta etekina lortzeko. Hori galdeketa hauetan batzuek hobeto edo gehiago landu dute, eta emaitzetan ikusi ahal izan da.

Egibarrek ere arrazoi du esaten duenean galdeketena ez dela "egun bateko konpromisoa", baizik eta "ibilbide bat". GBBko buruak dio proiektu politiko bat beharko dela, gero hautetsontzietara eramateko, eta horretarako herritarren konpromisoa nahitaezkoa izango dela "erabakitzeko eskubideak etorkizunik edukiko badu". "Ibilbidea" prozesu modura ikusten bada, herri galdeketen egitasmo honek ona dauka hurrengo olaturako —2017ko udaberria— oraingo kontsulta sortako neurri interesgarriak sendotu daitezkeela, eta hobetu beharrekoak, hobetu. Handia da erronka: "2018an galdeketa ez-erreferendatzailea egon dadin lan egiten ari da Gure Esku Dago" (Mario Zubiaga, Berria).

Burujabetza ariketa dira galdeketak. Joseba Azkarraga Etxagibelek orain bi urte Enbata-n idatzi zuen "botere-eraikuntza prozesu amaigabea" dela burujabetza, "continuum bat da, graduala"."Constructo konplexu gisa" ere ulertu behar dela zioen; "ez dagokio soilik alderdi politiko-instituzionalaren eraikuntzari. Burujabetza norabide guztietan indar berarekin aldarrikatzean datza kontua, eta horretarako estrukturak eta estrategiak sortzen gaur bertan has gaitezke". Parte hartzea, berriz, galdeketa bat baino gehiago da, une jakin batean erabakia adieraztea baino gehiago, gertakari bat baino gehiago, eta oraindik lan handia dago egiteko euskal gizartean; dela lan munduan, dela instituzioetan... Ardurak-eta errespetatuz, horizontaltasuna lantzea eskatzen du, burujabetzaren bidean ere kultura politikoan sakontzeko, estatusari buruzko galdeketetan botoa ematea ez egiteko arraro. Hori da galdeketa hauen balio nagusietakoa: horizontaltasuna.