Fokua mugituta ikusten dena

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2016ko mai. 5a, 20:42

Berria-n argitaratutako analisia da. Gaiak: euskarari ematen zaion tratua, euskalgintza, estatugintza...

Carod Rovirak ETB2ko saio batean zioen Espainiak ez duela estatuko aniztasuna aitortzen; adibidez, estatuan lau hizkuntza ofizial daudela eta ea zein espainiar politikarik dakien gazteleraz gain besterik. Platoan aurrean zeukan EAJko kargudun erdaldun bat, eta horri zimurrik ez zitzaion marraztu kopetan.

Joan zen euskal hiztun bat Euskararen Donostian San Telmo museora Badu, bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketa ikustera, eta hango langile batek espainolez hartu zuen; hark, euskaraz erantzun, eta museoko beharginak, berriro, espainolez; gero, beste batek ere, halaxe.

Ari ziren euskal eragileak oharrak plazaratzen euskal presoen eskubideak exijituz; ia ohar denak gazteleraz soilik ziren, idatziotan hizkuntz urraketarik ez balego bezala. Edo, Txillardegi hil zen, eta alderdi abertzale batek espainolez atera zuen oharra.

ETBk zein zuzeneko emanalditan izendatu zuen Urkullu lehendakari? Erdal katekoan.

Gipuzkoa euskararekin bat kanpainako bideo batean, Realeko jokalariak sagardotegi batean jarri zituzten, eta batek Griezmann frantsesari: "Hi, Antoine, esantzak: 'Piperrak, earrak'". Edo hau: "Intxaurrak, gogorrak". Eta beste batek Bravo txiletarrari: "Errepikatu: 'Hau, gazta da'". Kanpainaren arduradunek ez zuten Realeko presidente erdalduna Griezmannen edo Bravoren funtzioan jarri.

EH Bilduko legebiltzarkide bat atriletik euskaraz hasi zitzaion Gorka Maneiro UPDko parlamentari euskaldunari, baina pare bat segundora keinu bat egin, eta "cambio de chip" esan zuen, espainolez ekiteko.

ETB2ko albistegian, Carme Forcadell ANCko orduko presidenteari egindako elkarrizketa labur bat eman zuten; Forcadell katalanez mintzo zen, eta ETB2k, audioari eutsi, eta adierazpenak espainolera azpidatzi zituen. Egun berean, ETB1eko albistegian, Fernando Llorente Athleticeko jokalariaren adierazpenak, espainolez, eta audioa, gazteleraz, baina adierazpenak euskarara azpidatzi edo itzuli gabe.

Independentistak sareko sustatzaile baten artikulua Berria-n. Bukaeran: Erredakzioan itzulia.

Now, Euskal Herrira!, Basque Culinary Center, Buesa Arena, BEC Bilbao Exhibition Centre, One country, one team...

Donostiako lau alkategai mahai inguru batean, aurrean unibertsitate bateko ikasleak zituztela. Lau alkategaietatik hiru, euskaldunak —bi, abertzaleak—. Moderatzaileak hirurei gonbita: nahi zuten hizkuntzan aritzeko. Hiru euskaldunen hautua, batez beste: ia dena, gazteleraz.

Gure lehendakarietako batek —berriro lehendakarigai izango denak— Twitterren idatzi berri du munduko telebista kate guztiak ikus daitezkeen garaiotan Nafarroan ETB ikusi ezinda direla. Gazteleraz idatzi du, bere ia txio denak bezala.

Lehendakarigai izango den beste batek nagusiki espainolez egin berri ditu Donostiako bi ekitaldi jendetsu.

Eta abar. Azken urteotako adibide txiki batzuk baino ez dira. Euskararen berreskurapenean gertatu dira aurrerapausoak, baina han-hemenka eguneroko ogi dira arestian aipatutakoak baino hizkuntz urraketa, axolagabekeria eta bazterkeria larriagoak. Geldiuneak eta atzerapausoak ere badira. Eta apusturik eza dator, antza. Hemengo botereguneetan eta independentismoan euskara traba dela eta inportantea ez dela zioen atzo Maialen Lujanbiok Euskadi Irratiko gogoetan (entzungai, 2:53:57).

Fokua mugitu ere egin daiteke, eta mugituz gero antzeman ahal da gaur-gaurkoz euskalgintzak —oro har hitz eginda— ez duela egoera iraultzeko edo aldatzeko gaitasunik, eta, areago, ez duela dialektika bat sortzeko borondaterik. Jarrera ez-aktibo horren atzean izango dira, apika, diru laguntzen mamua, autonomiarik eza, afektibitate politikoa, ausardia falta, gogorik eza, etsipena edota egunerokotasuneko inguruabar txatxuak. Euskaldunen nerbioa ere ahul ageri da: Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero herritarren mila kexa baizik ez ditu jasotzen. Gaur ez da egiteko modukoa Joxe Manuel Odriozolak Txillardegiren borroka abertzalea liburuaren hitzaurrean desio duena: "Euskal Estatu independentearen hizkuntza euskara izango bada, estatugintza hori euskaraz gauzatu beharko da". Ez deskuidatzeko: euskal estatua nahi duten euskaltzaleen artean ez da ezbaian jartzen XXI. mendeko estrategia independentistan nortasun osagaiez gain ongizateari edota demokraziari buruzkoak sartu behar direla. Ordea, lapikoan euskara ere sartuta, eta ardatzean jarrita. Euskal Herrian gara.

Dena dela, Katalunia edo Eskozia gogoan, ez dirudi euskal independentismoaren sektore ahaltsu batzuetatik halakorik bultzatzen ari direnik. Baina, adibidez, hartu Katalunia: han bada, aldenik alde, kontzientzia nazionala, katalan hizkuntzak ardaztutakoa; kohesio sozialerako ere balio du katalanak. Estrategia independentista berri bati ekiteko oinarri handia zeukaten, beraz. Hemen abiapuntua askoz beherago dago. Eta, identitatearekin edo gabe, hemen sekula ez da saiatu prozesu independentista zibil eta zabal bat abian jartzea.

Baina berriro fokua mugitzea komeni: euskalgintza, dagoen moduan egonda, estatugintzan eragin nahian hasten bada, kaskarrekoarekin atera daiteke. Egin dira estatugintzaz teorizazio batzuk, baina ez da indarrik ikusten hori aurrera eramateko. Agian, euskalgintzari tarte bat hartzeko garaia heldu zaio jarreraz eta proiektuaz hausnartzeko.