Andrea Fabra, 'txikitako laguna'

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2012ko uzt. 19a, 20:10

1973ko abuztuan haien etxean izan ginen, Benicassim-en. Azpeitian hasten da istorioa.

Ezagun egin da Andrea Fabra PPko diputatuaren iseka, Mariano Raxoik lehengo astean azken murrizketen berri eman zuenean "izorra daitezela!" ("¡Que se jodan!") esan zuelako Kongresuan —bideoa, behean—. Fabra familia ezagunekoa da Andrea… eta 'txikitako laguna' dut. Honatx istorioa:

  • Haren ama izango zena —Maria Amparo Fernandez Blanes Mampa—, 60ko hamarkada bukaeran Azpeitian izan zen; Jesus Marietako konbentuan, 'hogareña' bezala. Euskal Herria ezagutzeko asmoz etorri zen, lagun batekin. Espainiako familia aberats bateko alaba zen Mampa.
  • Jesus Mariatan zen garaian, Loiolako jesuita batzuk ezagutu zituen. Jesuita haietako batek ezkondu zituen gure gurasoak, 1969an.
  • Mampak, nonbait, Azpeitian izandako aldi hartan ez zuen Euskal Herria apenas ezagutu, eta 1971ko martxoan, jesuita haren bitartez, gure etxean izan zen astebetez. Urte erdi bat nuen nik.
  • 1972an Carlos Fabrarekin ezkondu zen Mampa. Fabra familia Castelloko nagusi izan da XIX. mendetik oraintxe arte: 1874tik 2011ra Castelloko Diputazioko presidentea Fabratarren esku egon zen, aldi batzuetan izan ezik. Carlos Fabra bera 1995-2011 artean izan zen presidentetzan. Gaur egun auzipetuta dago, ustezko iruzurragatik —haren jokabidearen bideo bat, behean—.
  • 1973ko maiatzaren 29an alaba bat eduki zuten Carlos Fabrak eta Maria Amparo Fernandezek: Andrea.
  • 1973ko abuztuan gure familia Alcocebre-ra (Castello) joan zen oporretara, eta han inguruan ziren lehen aipatutako Loiolako jesuita haiek —baita horiekin azkoitiar batzuk ere—. Fabra-Fernandez sendiak oporrak Benicassim-en pasatzen zituen, eta halako batean haien txaletera joan ginen jesuita haiek, azkoitiarrak eta gure familia (Beasaingo nire lehengusu bat barne), egun-pasa. Goiko argazkia lekuko; 1973ko abuztukoa da; Fabra-Fernandezen etxean gaude. Borobil batean dagoena Mampa da, beste borobilekoa ni neu naiz (ia hiru urte nituen). Han zen Andrea Fabra hori; bi hilabete pasa baino ez zituen (Mampak gure amaren-eta etxera Andrea jaioberriaren argazki bat bidali zuen, baina ez dugu aurkitu). Carlos Fabrak bazkaltzeko paella ipini zigun, mariskoarekin.

Horixe istorioa, besterik gabe.

---- 

La última del clan ('El País')