Ezbeharraren bueltan lotutako bizitzak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Bereziartua 2019ko urt. 24a, 11:21

Gaur Soreasu antzokian emango duten Pumori, mendiaren alaba dokumentalaren harira, Eider Bereziartuak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

2016ko iraila da, eta, astero bezala, Gipuzkoa Hitzako erreportajerako gai bila nabil. Ez da denbora asko pasatu hemen lana egiteko aukera eman zidatenetik, baina mahaia paperez beteta dago dagoeneko. Inguruan ditugu mila gai eta beste hainbat pertsona, baina inoiz ezin jakin aukeratutako gaia behar bezalakoa izango den irakurleentzat. Horretan nabilela, duela hamabost urte Nepalen jazotako gertaera ekarri du norbaitek nire mahaira, nire oroimenera. Urteurren madarikatua. Gertakizunaren berri izan dudan momentutik, ordea, badakit hori dela landu beharreko gaia. Gai gogorra izango da, nire kazetari ibilbidean inoiz landu ez dudana, baina aldi berean beteko nauena, ziur nago. Ez nekien ezer orduan…

Han hasi zen nire abenturatxoa, eta berandu baino lehenago lortu nuen Arantxa Gurrutxagaren telefono zenbakia. Bi hitz baino gutxiagotan onartu zidan berarekin elkartzeko aukera. Bihotza estu, koadernoa, boligrafoa eta grabagailua hartu nituen, eta han joan nintzen Aizarnara. Zer aurkituko nuen jakin ez, baina istorio hark barrua ukituko zidala dudarik izan gabe. Gelditutako orduan eta irribarrea ahoan zuela agertu zen Arantxa; biotan norbaitek beldurra bazuen, argi dago berak baino nik gehiago nuela. Elkarteko ateak zabaldu zizkidan Arantxak, eta harekin batera bere bizitzako ateak zabaldu zizkidan. Ez dakit zenbat denbora egon ginen solasean, baina oraindik ere hitzez hitz esan ahalko nuke egun hartan berak kontatu zidan guztia. Momentu onei buruz eta ez hain onei buruz hitz egin zidan, momentu kuttun eta gogorrak ere izan zituen hitzetan, irriak, negarrak eta guztiak partekatu genituen, eta ehunka argazkiri esker, Pumorin egon banintz bezala sentitu nintzen. Bihotza ukitu zidan, eta guztiz liluratuta gelditu nintzen bere istorioaz, baina batez ere bere kemenaz, bere indarraz. Halako itzuli bat eman zidan nire barneak, eta ordutik guztia bere lekura itzuli ezinda ibili naiz.

Hantxe ezagutu nuen lehenengo aldiz Suku, eta Arantxa bezalaxe berarekin maitemindu nintzen egun hartan. Orduantxe eta han, urteurreneko erreportajeak bira hartu zuen eta Ezbeharraren bueltan lotutako bizitzak sortu zen. Ezin jakin nik orduan, lotutako bizitza haiek noraino iritsiko ziren. Ezin asma nik orduan, gaur, beraien inguruko filma ikusi ahalko nuenik Azpeitiko zinema aretoan. Ezin konta nik orduan, hemen izango zela Suku eta nik eta nirekin bat egin zuten haiek guztiek bera ezagutzeko parada izango genuenik.

Urduri nago gaur, duela hiru urteko iraila hartan bezala. Orduan sortutako zirrara eta emozio guztiak lehertuko ote diren beldurra daukat. Ziur gaur ere neu naizela inor baino beldur gehiago duena. Egun hartatik aurrera beste behin izan dut aukera Arantxarekin egoteko, eta orduan ere etxekoa izan banintz bezalaxe hartu ninduen. Ordutik eskerrak eman nahian nabil. Guztioi eman digun ereduarengatik, baina, ordutik ahantzi ezin dudan indar eta adore guztia helarazteagatik. Eskerrik asko Arantxa zaren modukoa izateagatik eta nirekin eta nire moduko ehunka pertsonarekin zure indarra elkarbanatzeagatik. Gaur han izango naiz Soreasun, zurekin eta Sukurekin irri eta negar egiten. Eskerrik asko!