Ikasleek jasaten duten infantilizazioa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko aza. 3a, 14:30
Urriaren 27ko grebarekin bat egin zuten hainbat ikasle, Bilbon. (Ikasle Abertzaleak)

Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Joan den ostegunean, ikasle greba dela-eta kalera atera ziren milaka ikasle Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Leku horietan, gaur egun hezkuntza jasaten ari den ofentsiba kapitalista seinalatu zuten, eta argi aldarrikatu beren helmuga: hezkuntza sistema sozialista. Azken erreformak bide horretara doazela ere salatu dute, eta antolakuntzarako deia zabaldu. Argi dago dimentsio horretako mobilizazioen atzean ikastetxez ikastetxe egin den lan itzela dagoela, baina badirudi batzuek beste aldera begiratu nahi dutela.

Niri, egia esan, harrigarria egin zait hainbeste gazte kalean ikustea. Argi ikusten da saldu nahi diguten gazteria apatiko eta desinteresatu horren aurrean badela auziak sakontasunez eta konpromisoz hartzen dituenik. Horren baitan, txalotzekoa da ikastetxez ikastetxe antolatzen eta lanean hainbeste ikasle ikustea, ideiak kritikotasunez eta sakontasunez landuz.

Beren aldarriak ez dira azalekoak. Hezkuntza kapitalismoaren erreminta gisa ulertzen dute, momentuko metaketa zikloaren arabera aldaketak jasaten dituena, baina beti helburu bera lortzeko: diziplinamendua eta lan indarraren ekoizpena. Horrela, azken erreforma bide beretik doala salatu dute, eta horren aurrean antolatzeko eta kaleak hartzeko deia egin dute.

Ikusten ari gara hezkuntza edukiz usten doala, jakintza garatzearen garrantzia albo batera gelditzen ari dela. Gainera, langile klasearen segregazioa gauzatzen ari da: diru gutxi duenak geroz eta aukera gutxiago ditu hezkuntza prozesuan bertan. Era berean, hezkuntzaren gainean hartzen ari diren erabakiak gutxi batzuek hartzen dituzte, eta beti kapitalaren interesei men eginez. Esan genezake hezkuntza kapitalistaren helburua ez dela gizateriaren kulturizazioa edo garapen intelektuala, hezkuntza diziplinamendurako bitarteko nagusia bihurtu da.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.