Festak eta erasoak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko uzt. 21a, 15:05
Jendetza plazan, 2019ko San Inazio jaietako txupinazoan. (Julene Frantzesena)

Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Festekin batera, herriz herri, hainbat eraso salatu dituzte azken hilabeteetan, Beasaingo eta Iruñeko bortxaketetatik hasi eta ohiko bihurtu diren ukitu eta jazarpenetaraino. Salatu ez diren beste hainbeste erasorekin batera, noski. Emakumeok babesgabe gaude indarkeria horren guztiaren bueltan, urrun baitago eraso eta jazarpen horien amaiera. Gainera, eraso horiek bultzatzen dutena emakume langileok bigarren mailako subjektu bilakatzea da, ekonomikoki, kulturalki eta politikoki ahuldua den subjektua geroz eta zaurgarriago bilakatuz. Horren aurrean, ezin gara geldirik geratu.

Azken gertaerekin, gainera, garrantzitsua da indarkeria matxistak gaur egun hartzen dituen forma ezberdinak aztertzea. Hor daude, adibidez, Ipar Euskal Herrian salatu dituzten eta jada Hegoaldean ere ikusten ari garen ziztaden kasuak. Sanferminetan, zortzi emakumek salatu dute ziztada bidezko erasoak jasan dituztela. Emakume horiek orratz edo xiringa baten ziztada sumatu zuten festa giroan, eta horren ondoren hasi ziren zorabioak eta konortea galtzeko sentipena. Nahiz eta ezin izan duten jakin zein den ziztada bidez sartu duten substantzia, estasi likidoa izan daitekeela susmatzen dute (bortxatzaileen droga modura ezaguna). Horren aurrean garrantzitsua da egoera horiek salatzea eta aurre egiteko bitartekoak garatzen joatea, eraso mota horiek ez daitezen normalizatu.

Gazteen artean ere ugaritzen ari dira eraso mota berriak. Aipatzekoa da talde bortxaketen kasua, 2016tik 2019ra laukoiztu egin baitziren. Komunikabideetako morboaren eta pornografiaren bitartez lortzen den indarkeriaren normalizazioa izan daitezke egoera horien sustatzaile. Bestalde, sare sozialen erabilera eta horien bidez gauzatzen diren erasoen igoera ere kezkagarriak dira, nabarmen igotzen ari direlako plataforma digitalen bidezko eraso eta jazarpen mota ezberdinak.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.