Buruko minak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko mai. 26a, 15:00
Buruko gaitzak gora egin dutela diote datuek. (Argazkia: Pixabay)

Eider Agirrek Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bada gaur-gaurkoz geroz eta gehiago kezkatzen gaituen gairik. Horren barruan kokatu beharko genituzke buruko minak, beldurrak eta ezinak. Geroz eta buruko arazo gehiago, argitara ateratzen ez direnak askotan, eta guztion azalak hozten dizkiguten suizidio kasuak inguruan. Historikoki ekintza “mespretxagarri eta arduragabe” gisa ikusi den hori, gaur egun, ate joka ari zaigu inoiz baino indartsuago. Gainera, COVID-19aren pandemiaren ondorioz ezarri zen alarma egoerak alarma sozial hori ere berpiztu du; batez beste, %250 igo da bere buruaz beste egin duten pertsonen kopurua. Hori ez da, ordea, berehalakoan amaituko: Munduko Osasun Erankundearen arabera, 2030. urterako arazo psikologikoak izango dira ezgaitasunaren arrazoi nagusiak munduan. Erraza ez den arren gaixotasun horren sustraiak arakatzea eta argitzea, nire burutik pasatu diren ideia batzuk aipatu nahiko nituzke.

Izatez, normala da bizitzan gorabeherak pairatzea. Guztiok pasatu ditugu momentu txarrak, arrazoia zein den guztiz seguru egon gabe burua altxa ezinda sentitu izan garen egunak. Ohikoa da handi geratzen zaizkigun egoeren aurrean ihes mekanismoak bilatzea, askotan geure buruari min egitera heldu arte. Ez gara inondik inora izaki perfektuak, eta gainera, bizitzea tokatzen zaigun mundu eskizofreniko honetan, gorabeherak izatea ezin dela saihestu esango nuke. Baina noiz esaten da gaixotasun mental baten aurrean aurkitzen garela? Normalean, norbanakoaren eta ingurukoen eguneroko bizitza kaltetzean, egonezin maila altuak daudenean eta kontrolagaitz bihurtzean esan ohi da gaixotasun baten aurrean aurkitzen garela. Desoreka mentalen %75 18 urte baino gazteagoak diren pertsonetan agertzen direla irakurri nuen, justu pertsonak beren burua aurkitzen eta eraikitzen hasten diren garaian. Hor daude gazteak beren erronkei ezin eutsirik, eta antsietate desorekak, izu eta fobiak, depresioa, loaren nahasmenduak, elikadura nahasmenduak, substantzien menpekotasunak, traumak eta estresa dituzte; eta suizidioak ere gertatzen dira. Baina non dago gaixotasun horren sustraia?

Artikulua osorik irakurtzeko Urola Kostako Hitzan.