Lan erreforma eta zirku parlamentarioa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2022ko ots. 17a, 15:00
Espainiako Kongresua.

Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azken asteetan, telebista piztu izan dugunetan, a zer zirkua ikusi dugun lan erreformaren harira, hasieratik amaierara arte eman baitu zeresana erreforma horrek. Aspaldi hitzeman ziguten lan erreforma berria onartuko zela, langileon bizitzak hobetuko zituen erreforma. Baina hilabeteak joan, hilabeteak etorri, geroz eta zailagoa ikusten zen benetako aldaketa eragingo lukeen une hori heltzea. Eta azkenean, urte bat baino gehiagoren ondoren, onartu da erreforma laborala, baina hitzemandako aldaketa horiek ez dira inon aurkitzen.

Muturren aurrean dugu espero genuena: inoizko gobernu aurrerakoienak Europar funtsen truke saldu ditu hainbeste hilabetez agindutako lan erreformaren aldaketa aurrerakoiak, horrela, Europatik heldutako "gomendioei" men eginez. Patronalak eta eskuin alderdi gehienek babestu duten erreforma horrek langileon interesei erantzuten diela sinistea nahiko duten arren, inor gutxik irentsiko du hori. Argi dago langileon beharrei baino enpresari handien beharrei erantzuten diela erreformak. Gure aurkako ofentsiba, "aurrerapenaren" izenean.

Baina zer aldaketa planteatzen ditu lan erreforma horrek? Haren barrenak irakurriz gero, ohartuko gara aldaketa nabarmenik ez dela. Are gehiago, 2012an Alderdi Popularrak ezarritako erreformaren oinarri berak ditu: lehen bezain merke kaleratzeak, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen normalizazioa, aldi baterako laneko enpresen normalizazioa… Hori da patronalak babestu duen lan erreforma, edo beste modu batera esanda, enpresak langileak nahi dituen moduan erabiltzea ahalbidetzen duen lan erreforma. Aurreko erreformaren eduki kaltegarriak finkatzen ditu horrek, eta, beraz, ez da inondik inora gure eskubideen aurrerapen bat, guztiz kontrakoa baizik.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.