Oporretan trumoia

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2016ko abu. 19a, 11:00

Ia denoi aurre hartu dizuet oporrei dagokienez. Eguntxo batzuk libre genituenez, Pirinioetan zehar ibili gara, furgonetan traste batzuk sartu eta kanpinetik kanpinera, errutinari ihes egin nahirik. 

Jaka eta inguruetako hainbat udaletxe zein zerbitzuri, publiko naiz pribaturi, gomendio bat eman nahi nieke; jarri zuen kartelak euskaraz. Konturatu naiz, inguru horietako kanpinetan euskaraz gehiago hitz egiten dela zenbait Euskal Herriko herritan baino. Titulurik gabeko soziologo honen begietatik, honen arrazoiak ugari izan daitezke; batetik, geure herri maitetik ateratzean sortzen zaigun abertzaletasuna, harro esan nahi diegu ingurukoei, "nik euskaraz... hemen behintzat". Bestetik, agian, estatistikoki euskaraz hitz egiten dugunok, aukera, gehiago ditugu Pirinioetan oporralditxoak igarotzeko, hau beste teoria antropologiko batekin lotzen dudalarik, alegia, oraindik gure erroak Pirinioetan daudela, honela, gure lurrak dei egiten digu, eta bertan satortu nahi dugu. Esaten dutenez, Jakako merkatuan euskaraz egiten omen ziren tratuak antzina, Nafarroa izaki, eta orain? Beste aukera litzateke, konspirazio batean, ikusgaitz zaizkigun mezuen bidez, Euskal jauntxoek Jaka konkistatzeko mezuak bidaltzen dizkigute, adibidez ETB-k mezu subliminalak jaurtitzen dizkigularik El Conquis edo GTG programetan, edo Berria-ko eta Gara-ko udako argazki lehiaketak Pirinioetan ateratako argazkiek irabazten dituztelarik. Esan, guzti honek ez duela inolako oinarri zientifikorik, besterik gabe frustrazio asko dituen herrialde bateko herritar baten burutazioak direla. 

Opor osteko krisia

Bestetik, datuek diote, bikoteen arteko banaketa gehienak oporraldien ostean izaten direla. Uda amaierak eta udazken ilunaren hasierak, maitasun mugagabe eta eternoaren lokartzea omen dakarte. Denbora gehiago elkarrekin igarotzea izan omen lezake errua. Baina argi, nire ikerketen arabera, amaieraren hasiera, oporren lehen egunean dago. Kalkuluak zehatzak izateko datu bat falta zait; banatzen diren bikote horietatik, ea zenbatek igaro dituzten oporrak kanpin batean, berdin zait kanpin-dendan, autokarabanan edo furgonetan. Arazoaren zuztarra, kanpinera iristearekin batera hasten da, montaketa lanen nekagarri eta korapilatsuari ilusioz ekiten zaio, baina bero egiten du, eta beroaren arrazoia ez du eguzkiak, baizik bikoteko norbait berandu irten izanak etxetik. Ondoren, beti falta da zerbait, mailua, dendaren oihalen bat, haurraren betaurrekoak, mendiko bota bat, hortzak garbitzekoa. Hortik aurrera, ezin lo ondo egin, ingurukoen zaratak, haurrek ez dutela nahi uretatik atera, mendira joan beharra, trumoia, komun komunak, beroa eta hotza. Noski, horrelakoetan errazena, errua ondoan denari botatzea izaten da. 

Beraz, ez joan oporretara, azken finean, abokatuek asko kobratzen dutelako, baina hori bai, kanpoan nahiz herrian, euskaraz aritu. 

(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).