Denboren mugak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2016ko ots. 25a, 11:47

Lagun batek kontatu zidan, bizitza guztian kirolean aritua, duela urte batzuk Behobiatik Donostiarako lasterketa egin nahian, ospitalean amaitu zuela. Ez da guztiz ondo akordatzen gertatu zitzaionaz, Kursalaaren inguru horretan izango zela dio, oroitzapenak diapositiben modura pasatzen zaizkio burutik gogoratzeko ahalegina egiten duenean. 

Hego-haize zakarra zen egun hartan, lasterketa horretan sarri gertatzen den modura, oso ongi prestatu zuen lasterketa, eta mediku azterketa ere gainditua zuen, bere helburua denbora zen, ez festa, ez eta ongi pasatzea ere, erlojuari aurka egitea, baizik. 
 
Diapositibak jende artean hasten zaizkio, erlojuari begiratu eta berak nahi zuen denboran helmugara iristen ez zela ikustean, jendartean bultzaka ikusten du bere burua, alde batera eta bestera denak paretik kendu nahirik bezala, eta oihuka. Ondoren hutsune handi bat du. Jarraian datozkion diapositibetan, bera lurrean etzana dago, inguruko jendea berari hitz egiten ari zaio, bere izenaz galdezka, adinaz, jatorriaz. Uste du, gazteleraz eta frantzesez itaunka jardun zitzaizkiola minutu luzez, tarteka begiak apur bat irekitzen zituela eta, orduan, zaplaztekoren bat ematen zioten. Horrela zebiltzala, erizain batek, begiak zabaldu zituen une batean, euskaraz esan omen zion: "Ireki begiak, mesedez". Orduan, bere ama hizkuntza entzutean, esan omen zituen bere aurreneko hitzak: "Utz nazazue bakean, lo egin nahi dut".
Esan zidanez, esnatu ez esnatu zebileneko unearen aurretik, amesgaizto moduko zurrunbilo handia gogoratzen du, gertaerekin baino gehiago, sentimenduekin oroitzen delarik. Gorputz guztiko mina sentitzen zuen, eta bi gauza pentsatu zituen trantze hartan, besterik ez, bi aterabide ihes egiteko: Bat, amets baten banago esna nadila berehala, eta bestea, ez bada amets bat, hil nadila. 
 
Egun pare bat ospitalean igaro eta gero, etxera joan zen, proba askoren ostean osasunez ongi zegoela esan zioten. Guztiz osatu zenean, berriro kirola egiten hasi eta horretan jarraitzen du, baina akaso ez hainbeste estutuz bere burua. Krudela bezain gogorra, baina hotz kontatzen dit, ongi amaitu zenaren pozaz noski, eta une haren larritasun guztiaz kontziente delarik. Denbora behar izan du, urteak, dena ordenan jartzeko eta kontatu ahal izateko.

Ondo izatea hobe

Kirolean eta bizitzako beste arlo askotan ere, sarri gabiltza muga berriak topatu nahirik, geure buruaren mugei bultzaka edo tiraka, askotan ohartu gabe horrek izan ditzakeen ondorioez. Entrenamenduek mugak aldatzea dakarte, baina mugak hor daude. Hobetzen goazen heinean gero eta lotuagoak gaude, azken finean, hobeak izan nahi dugulako. Zoriontsu izateko, ordea, ez dago zertan ona edo hobea izan beharrik, edo beste inorekin alderatu beharrik. Denbora batek eman diezagukena hutsala da, eta beti egongo da hobetzea, inkonformista mugatuak gara, beraz ondo izatea hobe, ona izatea baino.
 
(Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).