Beldurrak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Arruti 2015ko uzt. 7a, 10:04

Bat. Pauso biziz, Erdikaletik gora, saiatuz lurreko harrien marrak ez zapaltzen, argitik argirako iluntasunei ihesika, tarteka atzera begira, inork jarraitzen ez duela behin eta berriz baieztatu nahirik bezala. Udaltzainen bulegoan argia ikusten da. Plazako obrak sahiesteko bidea apur bat luzatu eta udaletxe azpian direnei bi edo hiru aldiz begiratu. Behingoz portaleko atea presaka zabaldu, eskaileretako argia piztu eta korrika etxeko ateraino, behin barnean frantzeseko liburua utzi aulkian eta sakon arnastu, lasai. 

Bi. Tabernako sarrera estuan talde bat, zalantzak izan arren barrura egitea erabakitzen dute. Pasatzean ipurdian kolpeak, bultzadak eta marruak. Beraiei begiratzean, taldearen indarra, algara ozenak eta mehatxuren bat.

Hiru. Liburutegian ikasi nahirik, orriak atzera eta aurrera, aspertu xamar. Alboan gizaseme bat esertzen zaio, gertu, gertuegi. Bat-batean erantzun nahi ez dituen galderak egiten itauntzen du. Deseroso egotetik beldurtua egotera pasatzen da, ohartu da bere egunerokoan uste ez, eta nahi ez duen jendea duela begira.

Lau. Igerilekutik atera eta mugikorrean azken deietan sartu berehala. "Tuuu... tuuu... Kaixo mattie oantxe atera naiz aerobiketik ta oain kotxea nue, afaldu al dezu?... Listo mattie, sartu naiz kotxien, laiste naiz etxien".

Bost. Goizeko seirak laurden gutxi, patrika batean linterna, bestean mugikorra eskuari itsatsia. Alde batera eta bestera begira zeharkatzen ditu ateak, eta kaleak. Itzalak dabiltza batera eta bestera kale kantoietan. Zaborra biltzeko kamioiak lanean dabiltza. Bere zain dago egunero bezala Hartzubiko bidegurutze ondoan lankidea, lantokiraino elkarrekin joaten dira, babesa.

Sei. Telefonoa hartu, eta ahots ezezagun batek esaten dio desio duela, asperenak, lizunkeriak... Esaten dio badakiela non ibiltzen den parrandan. Izua, kezka eta ezinegona.

Zazpi. Igande gaueko azkeneko autobusa kostaldera, beti gidariarengandik gertu eseritzen da, leihoaren bestaldean duen ustezko maitasun eternoari agur eginez eskuarekin.

Zortzi. Entrenatzaileak esanda bezala, korrika atera da, gaurkoan polikiroldegiari hiru itzuli besterik ez. Ikusirik oso erraz doala, taldekoak atzean utzi eta bera bakarrik doa. Bapatean, gizon bat, bere alboan korrika hasten da. Beldurturik azkartu egiten du erritmoa, atzetik jarraitzen dio, andra batek ikusirik gertatzen ari dena oihu egiten du. Gizona bertan geratzen da irribarre maltzur batekin.

Amorrua

Infinitu. Horrela jarraitu genezake, egunero gure inguruan gertatzen diren hainbat egoera azaltzen. Akaso ez dira delitu izango legearen aurrean, baina bai salagarri. Oraindik ere horrelako gizartean bizi garela ikusteak amorrua sortzen du. Badago zer aldatua, badago zer irakatsi, ez delako zilegi beldurra izatea besterik gabe, ahula, hauskorra sentiaraztea ezin delako onartu. Beldur barik, izutik aske, duin, denon artean lortu arte.

Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.