Udal eta foru hauteskundeak 2023

Azpeitia hobe bat egiteko lanean jarraituko du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2023ko mai. 30a, 12:32

Azpeitiko EH Bilduk iragan berri diren hauteskundeen inguruko balorazioa egin du. Koalizioak eskerrak eman dizkie proiektua babestu duten herritarrei.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Azpeitian abian dugun proiektua babestu duten herritar guztiei. Mila esker, 3.742 aldiz. Zuei esker eta zuekin, Azpeitia hobe bat egiteko lanean jarraituko dugu. Hamar zinegotzi izango ditugu udalean, eta talde berria buru-belarri inplikatuko da denen beharrei erantzuteko. Agintaldi gogorra izan da azken hau, ezusteko egoerak eta gorabeherak izan ditugu. Halere, garbi ikusi da azken urteetan herrian martxan dagoen proiektu hau dela herria hobetzen jarraitzeko bermea. Beti esaten dugun bezala, azpeitiarrok elikatzen dugu proiektu hau, denon artean eta denontzat eginikoa, eta ildo berean jarraituko dugu lanean, Azpeitiaren erronkei erantzuten eta udal baliabideak herriko eragile nahiz norbanakoen esku jartzen.

Bestalde, eskualdeko emaitzak nabarmendu nahi genituzke. EH Bildu lehen indarra izan da Urola Erdian, eta udalerri gehienetan lortu du alkatetza. Gipuzkoari begira ere, emaitzak oso onak izan dira: 119.606 botorekin, indar bozkatuena izan gara, eta 22 eserleku lortu ditugu. Gipuzkoarrek eta, oro har, euskal herritarrek EH Bilduri emandako babesa hazten ari da, proiektu sendoa dugu, eta konfiantza honek lanean jarraitzeko ilusio handia ematen digu.

Dena den, nabarmentzekoa iruditzen zaigu abstentzioa ia %40koa izatea. Abstentzio horrek, Azpeitiaren kasuan, bi taldeoi eragin digun arren, eragin nabarmena izan du gure boto kopuruan. Gure erronka da botoa ez emateko arrazoiak izan dituzten herritarrengana ere iristea, haien iritziak eta arrazoiak ere kontuan izateko. Uste dugu atzoko abstentzioak, herri bezala ez ezik, gizarte bezala arazo bat jartzen duela mahai gainean. Arazo horri aurre egiteko, oso argi dugu elkarlanean oinarritutako eredu hau indartzea dela gakoa, herritarrak erdigunean ez ezik, lehen lerroan jarrita eta gobernantza partekatuan sakonduta.

Bukatzeko, azken hilabeteetan behin eta berriro aipatu ditugun lan ildo eta proiektuak gauzatzeko konpromisoa berresten dugu. Inor atzean utziko ez duen Azpeitia bat egiteko lanean jarraituko dugu; herrian bizitzeko eta lan egiteko baldintzak eskainiko dituen Azpeitia; larrialdi ekologikoari parez pare begiratzen dion Azpeitia; Azpeitia erosoa, segurua; eta herriko eragileekin nahiz norbanakoekin berdintasun balioak sustatzen dituena. Herri inklusiboa, feminista, euskalduna, anitza. Maite dugun Azpeitia.

Aukeraz betetako herri bat dugu, oinarri sendoarekin. Ilusio handiz gaude proiektu honi jarraipena emateko eta, herritarrekin batera, herri honen erronkei erantzuteko.