Enpresa elektriko handien gehiegikeria salatzeko, itzalaldia eta ekitaldi zaratatsua egingo dira urriaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2021ko ira. 30a, 08:02

Llotja de Marreko alderdiek deitutako aldarrikapenarekin bat egiten du EH Bilduk, urteetako arazoa den arren, azken aldian inoiz baino nabarmenago ari direlako herritarrei iruzur egiten argindarraren prezioarekin. Beti bezala, behar gehien duten herritarrak dira gehien sufritzen ari direnak. Herritarrei deialdian parte hartzeko dei egin die Azpeitiko EH Bilduk, 22:00etatik 22:30era.

Enpresa elektriko handien iruzurrari erantzuteko, itzalaldia eta kazola-jotzearekin lagundutako ekitaldi zaratatsua izango da plazan, datorren asteko ostiralean, urriak 8, 22:00etan. Plazako ekitaldiaz gain, etxean diren herritarrak gonbidatu nahi ditugu 22:00ak eta 22:30ak bitartean, argiak itzaltzera eta etxetik ere kazola-jotzean parte hartzera. Deskonektatu elektriketatik izenburupean, oligopolio elektrikoaren gehiegikeria salatzeko itzalaldia proposatu dute Llotja de Mar ituneko kide diren indar politikoek. Alegia, Esquerra republikanak, EH Bilduk, Junts-ek, Mes per Mallorcak, Benegak, Cup-ek eta Més Menorcak. Azpeitiko EH Bilduk deialdia bere egiten du, eta herritarrei parte hartzeko dei egiten die.

Urteak daramatzagu enpresa elektrikoen gehiegikeriak ordaintzen, baina azken hilabeteetan inoiz baino nabarmenagoa ari da izaten arazoaren kontrolik eza. Prezioak gora eta gora egiten ari dira, eta badirudi inork ez duela bukatu nahi iruzur honekin. Hori horrela da, hain zuzen, Espainiako Estatuko alderdi nagusiak zein hainbat ordezkari arazoaren parte direlako.

Beti bezala, herritar kalteberenak ari dira gehien sufritzen, eta gutxi batzuen mesedetan, familia askoren egoera oso larria da. Etxebizitzetan ez ezik, enpresa, denda, taberna eta negozio txikietan ere gero eta nabarmenagoa da prezioen gorakada, eta lehendik ere gogor kolpatutako hainbat sektore kinka larrian ditu berriro ere lapurreta honek.