Aberri Eguna ospatzeko Euskal Herria Batera-k egindako deialdiarekin bat egiten du Azpeitiko EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2020ko api. 8a, 16:07

Badira aste batzuk jada, osasun krisi handi bat bizitzen ari garela Euskal Herrian zein munduan zehar. Ondorio latzak eragin dituen ohikoa ez den errealitate bat pairatzera behartuak izan gara: kalera ateratzeko debekua; ikastetxeen itxiera, eta ondorioz, hainbat ikasleren egoera zaurgarrien hedapena; langile asko diru-sarrerarik gabe geratzea; enpresetan segurtasunik gabe lan egitea; etxetik lan egin beharra; indarkeria matxistaren gorakada; euskal preso politikoen isolamendu egoera areagotzea; indar okupatzaileen presentzia gure herrietako kaleetan...

Krisi honek eragindako kalteez gain, elkartasun keinuak ere nabarmendu beharrekoak dira. Elkartasun sareetan inplikatutako herritarrak asko dira. Egunez egun gure etxeko balkoietatik lau haizetara hedatzen diren elkartasun keinuak etengabeak dira. Erresidentzietako langileek egoera honetan egin duten elkartasun erakustaldia izugarria izan da (greban egotetik lanera itzultzea). Osasun langileak, supermerkatuetako langileak, okinak, garraiolariak, baserritarrak egiten ari diren esfortzua eskertu beharrean gaude.

Testuinguru honetan datorkigu aurtengo Aberri Eguna. Aberri Eguna ospakizun eguna da. Kalera ateratzeko eta elkartzeko ezintasunak molde berezian ospatzera behartzen gaituen arren, badugu zer esan. Neoliberalismoaren aurpegi gogorrena eta estatuen inboluzioa ikusten ari garen honetan, burujabetzaren aldeko konpromisoa hartu behar dugu. Beti ere, herritarren bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko, gizarte eredu justua eraikitzearen bidean. Globalizazioaren eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna dugu esku artean: burujabetza. Horrek bermatuko digu herri gisa bizirik segitzea, eta aldi berean, gizarte justuago bat eraikitzeko baliabideak eskuratzea.

Krisi momentuan bada ere, igande honetan Euskal Herria Baterak egindako deialdira batzen gara, eta azpeitiarrei igandeko ekimenean parte hartzeko deia egiten diegu. Atera ditzagun ikurrinak balkoietara; bakoitzak bere desioa argazki batean islatu eta sarera igoz, mosaiko digital erraldoia marraz dezagun.