Boto kopuruan gora eginda, EH Bildu da Madrilen Hego Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkaritza izango duen talde bakarra

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2019ko aza. 12a, 09:58

Mila esker igandean Euskal Herriaren eta justiziaren aldeko botoa eman zenuten 3.140 azpeitiarri. Mila esker aldaketak nahi dituzuen guztioi, eta horretarako, EH Bilduren proiektua babestu duzuenoi. Igandeko hauteskundeen ondoren, indartuta atera gara. Lanean jarraitzeko ilusioz gaude, Hego Euskal Herrian joan den apirilean baino 16.500 boto gehiago lortu ditugu, eta boto kopuruan gora egin duen talde bakarra izan gara. Dena den, EH Bildu ez da lehen indarra izan Azpeitian, beraz, horrek ere irakurketa bat egiteko eta gure herrian lanean jarraitzeko bide bat ireki digu. 

Nafarroan izan genuen atzoko albiste onenetako bat. Bertan eserlekua eskuratu dugu, eta Bel Pozueta kongresuan izango da nafar abertzaleen ahotsa Madrilen ere entzun dadin. Horrela, EH Bildu da Hego Euskal Herriko lurralde guztietan ordezkaritza duen talde bakarra. 

Jakin badakigu egoera zailean gelditu dela Espainiako Kongresua, eta ez dela erraza izango egoera hori desblokeatzea. Horri, gainera, eskuin muturraren igoera gehitu behar zaio, albiste benetan kezkagarria. Egoera halakoa izanda, EH Bilduk bere hitzari eutsiko dio, eta kanpainan zehar esan dugun bezala, balio demokratikoak errespetatzen ez dituenak aurrean izango gaitu. Ez diogu inolaz ere men egingo hauteskunde aurretik entzun ditugun jarrerak eta mezuak errepikatzen dituen gobernu bati (independentismoaren aurkako zentsura, 155 aplikatzea, erabakitzeko eskubidearen aurkako boikota...). 

Lotja de Mar-eko hitzarmena sinatu genuen talde soberanistek gora egin dugu boto eta eserleku kopuruan, 2 milioi boto eta 29 eserlekuko indarra osatzen dugu Katalanekin eta Galiziarrekin batera. Argi gelditu da 78ko erregimenak ez duela aurrera biderik. Gure aldetik, eseri eta hitz egiteko gogoz eta prest gaude, baina balio demokratikoen baitan. Autodeterminazio eskubidea mahai gainean jartzea eskatuko dugu; baita gai sozialak lehen lerroan jartzea, ikuspegi feministarekin lan egitea, alegia, gure herrietan justizia egitea. Finean, demokratizazio agenda bat abian jartzea eskatuko dugu, eta presoen egoera injustu hau behin betiko ixtea. Esandako hitza betetzeko doa EH Bildu Madrilera.